BILBOKO 30 IKASTETXETAN “BIRZIKLATU!-¡RECICLA!” KANPAINA EGINGO DA, ETXEETAN HIRI-HONDAKINAK BIRZIKLATZEAREN GARRANTZIAZ OHARTARAZTEKO

  • Bilboko Udalak, Ecovidriok eta Ecoembesek kanpaina honen hirugarren edizioa jarri dute abian, 16-18 urteko neska-mutilak birziklatzearen arloan sentsibilizatzeko eta gaiaz ohartarazteko.
  • Kanpaina otsailaren 18tik apirilaren 12ra bitartean egingo da. Bilboko 30 ikastetxetako 1800 neska-mutil baino gehiago izango dira parte-hartzen.
  • Kanpaina honen helburua da ikasleek hiri-hondakinei buruz gehiago jakitea, eta bereziki hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzean arreta jartzea; gazteak jabearaztea eta sentsibilizatzea konpromiso pertsonala hartzea beharrezkoa dela etxeko hondakinak behar bezala bereiztera iristeko.
  • 1.900 iman banatuko dira etxera eramateko, errealitate areagotuarekin. Iman horiek kanpainako hiru edukiontziei (beira, ontziak eta kartoia eta papera) buruzko informazio orokorra daukate, etxean hondakinak bereiztea zein garrantzitsua den konturatu daitezen.
  • Iazko ebaluazioan kanpaina honek puntuazio ona jaso zuen ikastetxeetan; azken nota 8,48 izan zen, aurreko urtekoa baino altuagoa.

 

Bilboko Udalak, Ecovidriok eta Ecoembesek atzera ere BIRZIKLATU!-¡RECICLA! kanpaina egingo dute, Bilboko ikastetxeetako eskola-umeak ohartarazteko etxeetan hiri-hondakinak birziklatzearen garrantziaz. Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, hiru erakundeek euren indarrak batu dituzte hiri-hondakinak birziklatzeari buruzko kanpaina abian jartzeko 16-18 urteko ikasleen artean, betiere euren ikastetxeen lankidetzari esker.

Hirugarren edizio honetan Bilboko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 30 ikastetxe dira etxean sortzen diren hondakinak bereizita jasotzeari buruzko kontzientziazio eta sentsibilizazio-kanpaina honekin bat egin dutenak. Guztira, 1800 neska-mutil baino gehiago izango dira etxeko hondakinak birziklatzeari buruzko edukiak aztertzen.

Ingurumenaren bikaintasunaren ikuspegitik, euren esparru pertsonalean edota profesionalean benetako kontsumoaren ereduekin (berrikusteko modukoak, beraz) aurkituko direnak gazteak izango direnez, eurengandik hurbil dauden hezkuntza-mailetara jo dugu. Kanpaina gaur, otsailaren 18an, hasi eta apirilaren 12an amaituko da.

Ekimena bultzatu duten erakundeek, hau da, Bilboko Udalak, Ecoembesek eta Ecovidriok, eskola-komunitatean parte hartu nahi izan dute, kolektibo hori oso lotua dagoelako ingurumenaren arloko egunean eguneko gorabeherekin, bai curriculumaren aldetik, bai udalerriko proiektuetan duten partaidetzagatik.

Hirugarren edizio honek ikasleen (azken nota, guztira, 8,48 izan da, hau da, oso ondo altua kanpaina osorako) babesa izateaz gain, hirugarren edizioan parte hartu duten ikastetxeen % 96k ere erantzun positiboa eman dio.

Hauek dira ekimenaren helburuak:

  • Hiri-hondakinen inguruko ezagupenak areagotzea, hondakinen hierarkia azpimarratuta: gutxitzea eta birziklatzea.
  • Azpimarratzea etxean sortzen ditugun hondakinen gainean pertsona bakoitzak duen garrantziaz eta erantzukizunaz kontzientziatuta eta sentsibilizatuta, geure gain hartzeko konponbiderako konpromisoaren premia.
  • Kanpainan parte hartzen dutenak bultzatzea jarrera aldaketa egon dadin eta, horrela, hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak behar bezala bereizteko.
  • Ekimenak eskolako komunitate osoa sartzen du hondakinak modu egokian bereiztearen aldeko ekintzan, ingurumenaren arloko sentsibilitate jasangarriagoaren bozeramaile bihurtuta.

Metodologiaren atala funtsezkoa da eskola-komunitateari bideratutako ekintza honetan. Horregatik, garrantzi berezia eman zaio irakasleei laguntzeari; horiei ikasturtearen hasieran aurkeztu zitzaien kanpaina. Gainera, elementu motibagarriak sartu dira, ikuspegi pedagogikotik (informazioa, materialak eta prozedura) kanpainan parte-hartzea errazteko, hori eragozpen eta gainkarga izan barik geletako eguneroko jardunean.

Gainera, eskolako ekintzan parte hartzeko jardueren bidez ikasleengana hurbiltzea bilatu da, jakin-nahia pizteko eta hausnarketa eragiteko.

Ikasgeletan zuzenean jardun aurretik, kanpainaren bloga diseinatu da eta bertan daude kanpainarekin lotutako material didaktiko guztiak: https://bilbaobirziklapena.com/material-didaktikoa/

Web orri horretan zuzeneko loturak daude kanpaina bultzatu duten entitateetara sartzeko (Bilboko Udala, Ecoembes, Ecovidrio), baita hondakinak birziklatzeari buruz ikasgeletan landuko diren material didaktikoak ere.

Ikasleentzako eta irakasleentzako lan-fitxak dira, hondakinen hierarkia europarra garantzen dutenak; esan nahi baita, edukiak lantzen direla hondakin gutxiago sortzeko, bigarren erabilera izan dezaketen objektuen berrerabilera indartzeko eta hondakinak, gero birziklatu ahal izateko, modu egokian bereizten direla ziurtatzeko.

9 bideo ere grabatu dira (denak daude euskaraz eta gaztelaniaz) erakusteko zer gertatzen den gure hondakinekin behin dagokien edukiontzietara edo isurguneetara bota ondoren. Bideo horien helburuak dira, batetik, birziklatze-zikloa ezagutzera ematea eta bestetik, kalean jarritako edukiontzi espezifikoetan biltzen diren hondakinekin gertatzen denari buruzko gezurrezko mitoak zapuztea.

SAIOA IKASGELAN

Geletan egiten den lana ordu eta erdi eta bi orduren artekoa izango da, eta hiru ataletan dago sailkatuta:

  • Aurreneko ordu erdian hondakinak gutxitzeari eta berriro erabiltzeari buruzko edukiak jorratzen dira. Horrela, eta hondakinak gutxitzeari dagokionez, kontsumoa bultzatzeko gaur egun erabiltzen diren salmenta-teknikak bezalako gaiak aztertuko dira,bai eta saltoki handiek gehiago saltzeko erabiltzen dituzten estrategiak ere. Bestalde, taldeka eztabaidatuko dira kontsumo arduratsurako jarraibideak. Jarraibide horiek talde-dinamikan aurre egin beharreko erosketa hipotetiko batekin egiaztatuko dira.
  • Zenbait objektu berriro erabiltzea ere aztertuko da. Hainbat irudi ikusi ondoren, berrerabilerarako otutzen zaizkien alternatibak zeintzuk diren pentsatu beharko dute. Ondoren, denon artean erantzun guztiak aztertuko dira eta erantzunik aurkezten ez bada, une honetan inguru hurbilenean (Bilbo eta Bizkaia) horri buruz dauden aukerei buruzko informazioa gehituko da.
  • Hirugarren saioa, birziklatzeari buruzkoa izango da. Denborarik gehien saio honi eskainiko diogu. Etxean eta eguneroko bizimoduan hondakinak modu egokian bereizteari eskainiko zaio. Saio honetan hiru mikroespazioekin lotutakoak ikuskatuko dira, hau da edukiontzi horiarekin (plastikozko ontziak, latak eta brikak), urdinarekin (paperezko eta kartoizko ontziak) eta berdearekin (beirazko ontziak) lotutakoak. Ondoren, gure etxeetan sortu ohi diren hondakinekin eta ontziekin egindako bingo baten bidez, horietako bakoitza nora doan jakin beharko dute. Dinamika horri jolas-ikuspegia emateak aukera ematen digu edukiontzi bakoitzera zer bota daitekeen eta zer ez barneratzeko, arreta berezia jarrita isurgune bakoitzera zeintzuk hondakin ez diren bota behar.

KANPAINA ETXEETAN ERE SARTUKO DA

1900 iman banatuko dira etxera eramateko, errealitate areagotuarekin. Iman horiek kanpainako hiru edukiontziei (beira, ontziak eta kartoia eta papera) buruzko informazio orokorra daukate.

Aurtengo keinua eta berritasuna da errealitate areagotuari esker gehitu den informazioa; ikasleen konplizitatea lortu da horrekin, hartara hondakinak bereizteko gaia Bilboko etxeetan sar dadin. Gelan aztertu ez diren hondakinekin zer gertatzen den jakiteko galdera-sorta erantzuteko eskakizuna aitzakiatzat hartuta, kanpainako blogaren edukia ikusteko aukera ematen zaie, familia-dinamikaren barruan, betiere ere errealitate areagotuak erakarrita.

Hemen jaitsi daiteke aplikazioa mugikorretik: http://www.clickarapp.com/es/

ZER DA ERREALITATE AREAGOTUA?

Errealitate areagotua da errealitatea elementu birtualekin konbinatzeko aukera ematen duena erabiltzaileari bide ematen diona haiekin elkarreragiteko. Eduki horiek esperientzia bakarra sustatzen dute erakundearen eta aplikazioaren erabiltzailearen artean. Clickar doako aplikazio bat da, imanetako edukia errealitate areagotuan ikusteko balio duena, eta sorpresaren faktorea ere kontuan hartzen duena; horrela, Bilboko Udalak eskaintzen dituen informazioa eta zerbitzuak iragazkorragoak dira.

BIRZIKLAPENA BILBON

2018an 187.349,67 tona zabor sortu dira Bilbon. Birziklatze-tasa % 46,79koa izan da, eta zabor-mota gehienetan gora egin du.

  • Gehien birziklatu dena papera-kartoia izan da, 24.539,86 tona; 2017an baino % 10,91 gehiago.
  • Atzetik beira dago: 7.814,60 tona bilduta, aurreko urtean baino % 4,10 gehiago.
  • Gainera, 5.368,07 tona ontzi arin (latak, brikak eta plastikozko ontziak),hau da, 2017an baino % 6,77 gehiago.
  • Edukiontzi zuriari dagokionez (berrerabili daitezkeen gauzak), gora egin du bertara botatako gauzen kopuruak, % 16,63 gehiago bildu baita horietan.
  • Olioaren bilketak ere gora egin du, % 10,52 hain justu.
  • Balantze honetan, nabarmentzekoa da hondakin organikoen bilketak izan duela gorakadarik handiena, % 176,33ko igoerarekin; guztira 1.619,83 tona izan dira eta konposta egiteko erabiliko dira. Igoera hori bosgarren edukiontzia Bilboko auzo guztietan jarri izanak eragin du: 371 edukiontzi izatetik 1.341 izatera pasatu gara. Bilboko Udalak organikoak birziklatzera animatu nahi ditu herritarrak, era horretako hondakinak edukiontzi marroia eraman ditzatela. Abenduaren 31ra arte, 25.092 etxebizitza zeuden izena emanda etxeetako hondakin organikoak birziklatu nahian eta kopuru hori goraka doa, urtarrilaren 31n 25.415 etxebizitza baitziren.

Auzoetako Behatoki Urbanoaren azken txostenaren arabera, birziklatzeko edukiontziak eskura izatearen arloan lortu da puntuazio altuena, 7 puntu.

ECOEMBES

Ecoembes irabazi-asmorik gabeko erakundea da, plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzea eta birziklatzea kudeatzen duena. Euren leloa da “elkarlanaren indarra”. Herritar guztien artean gutxitzen ahalegintzen gara ontziek ingurumenean uzten duten arrastoa, beste erabilera bat emanez eta ekonomia biribilerantz joz.

Esku artean ditugun azken datuen arabera, 2017 urtean Estatuko eremu osoan ontzi arinen eta papera/kartoizko ontzien 1,4 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren, birziklatze tasa %76an kokatuz. Kopuru horrek % 3,5eko igoera izan du, aurreko urteko kopuruarekin alderatuta. Portzentaje honi esker ingurumen onura dezente lortu dira, besteak beste, atmosferara CO2 gasaren miloi bat tona gutxiago isuri zen eta 5,8 milioi MWh energia aurreztu zen (600.000 etxetan urte oso batean kontsumitzen den energia). Halaber, 20,2 miloi metro kubiko ur aurreztu ziren.

ECOVIDRIO

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da eta Espainia guztiko beira-ontzien hondakinen birziklapena kudeatzeaz arduratzen da 1998tik. Konpainiak birziklatzeko katearen prozesu guztia gestionatzen du, sentsibilizazio-ekimenak egiten ditu eta beira-ontzien gaikako bilketaz, garraioaz eta tratamenduaz arduratzen da, bai eta ondoren merkaturatzeaz ere.

Ecovidriok zerbitzu publikoa, unibertsala eta osoa bermatzen ditu eta, halaber, produktuak beiran ontziratzen dituzten konpainiei gestio-eredu eragingarria (ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik) jartzen die eskuragarri.

Gaur egun, 8000 ontziratze-enpresa dira birziklatze-sisteman ekarpena egiten dutenak. Ecovidrion integratutako sektoreek Espainiako BPGren % 3 baino gehiago osatzen dute eta beirazko ontzien % 99 merkaturatzen dute.