BILBOK BIZIKLETA-SAREA HANDITU DU, SABINO ARANAKO BIDEGORRIAREN INAUGURAZIOAREKIN
- Sabino Aranatik igarotzen den Iparra-Hegoa tartearekin, Bilboko bizikleta-sareak 57 kilometro ditu jada.
- Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak bizikleten zirkulazioari buruzko datuak eman ditu gaur goizean; datu horiek martxan dauden 9 kontagailuetan jasotzen dira.
- Azken 6 hilabeteetan kontagailuok 925.383 bizikleta zenbatu zituzten.
Bilboko Udalaren alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilek Sabino Arana kaleko bidegorri-zati berria inauguratu du gaur goizean.
Ekitaldia Casilda Iturrizar parkean egin da, Anselmo Clavé kalearen gurutzean, bertatik hasiko baita Iparra-hegoa bidegorri berria. Hain zuzen ere, bidegorriak berdegune hori eta Ametzola eta Basurtu batuko ditu. Horrela, zati berri bat gehitu zaio uriko bizikleta-sareari. Une honetan, guztira, 57,3 kilometro ditu sareak eta urtea amaitu baino lehenago 59,6 izango ditu, proiektuan dauden tarteak egiten direnean.
752 METRO GEHIAGO BIDEGORRITAN
Proiektuaren taxuketa noranzko biko bidegorri batekin hasten da, bizikleta-bidea lotzen duena Casilda parkearen eta Anselmo Clavé kalearen ertzean; handik Jesusen Bihotza biribilgunearen ertzetik igaro (Kale Nagusiaren aldetik) eta hortik Sabino Arana etorbidearen alboko kalearen hasierara; goranzko bidean, igotzeko noranzkoa baino ez du izango Simon Bolivar kalearen gurutzeraino. Hor, hain zuzen ere, noranzko bikoa izango da atzera ere, Trenbideko etorbideko eta Sabino Aranako bidegorriekin bat egin arte.
Alfonso Gil pozik azaldu da Bilboko bizikleta-sarea handitzearekin, “sare hori handitzen jarraituko dugu, Bilbon joan-etorriak egiteko bizikleta erabiltzen duten pertsonei zerbitzua emateko, gero eta gehiago dira-eta.”
AZKEN 6 HILABETEETAN MARTXAN DIREN 9 KONTAGAILUEK 925.383 BIZIKLETA ZENBATU ZITUZTEN
Udalak 9 kontagailu ditu jarrita Askatasunako, Trenbideko etorbideko, Campo Volantín pasealekuko, Botikazar kaleko, Areiltza Doktorearen kaleko, Julian Gaiarreko, Agirre Lehendakariaren etorbideko, Olabeagako eta Uribitarteko bidegorrietan; azken 6 hilabeteotan 925.383 bizikleta pasatu zirela zenbatu zuten kontagailu horiek.
Bizikleten joan-etorria kontatzean bizikleten erabiltzaileen jokabidea, zein gunetan dabilen bizikleta gehien edo zein hiletan erabiltzen den bizikleta gehien azter dezake Udalak. Esaterako, badakigu Campo Volantin pasealekutik pasatzen dela beste inondik baino bizikleta gehiago, eta ondoren datoz Botikazar, Agirre Lehendakaria eta Olabeaga.
Bizikleta gehien erabiltzen diren hilei dagokienez, esan beharra dago iraila dela zirkulazio handienekoa, 207.834 igarotzerekin; ondoren datoz urria, 182.253 igarotzerekin; uztaila, 158.269 eta abuztua, 145.422. Azaroko euriteen ondorioz, asko jaitsi zen bizikletaren erabilera, baina abenduan atzera egin du gora. Udalak beste bi kontagailu jartzeko asmoa dauka, zehatz esateko gaur Sabino Aranan inauguratu den bidegorrian bat eta ibaiaren eskuineko bidegorrian bestea; horiei esker, bizikletaren erabileraren estatistika zehatzagoak egin ahal izango dira Bilborako. Lehenengo kontagailua Campo Volantineko bidegorrian ipini zen 2015ean eta gainerakoak martxan dira 2019ko uztailetik.
Udalak hartu dituen neurri berri hauek urian bizikletaren erabilera sustatzeko dira eta garraiobide jasangarri horren aldeko apustua berretsi nahi dute, bizikleten mailegu publikoaren sistemarekin eta bizikleten aparkalekuen ezarpenarekin batera. Horrez gain, hainbat kaletan zirkulazioa moteldu da eta horrek erakargarriago egiten du bizikletaren erabilera eta uria kutsadura gutxiagoko lekua egiten du, herritar guztientzako atseginagoa.