BILBOK BAT EGIN DU MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEAREN 2020KO EDIZIOAREKIN

  • Bilboko Udalak aurten ere Mugikortasunaren Astearekin bat egin du, eta aurtengo edizioan “emisiorik gabeko mugikortasunaren alde” leloa aukeratu du.
  • Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Bilboko Udalaren Laneko Mugikortasuneko Plana aurkeztu du. Plan hori udal osoan aplikatzen hasiko da.
  • 2020ko MEA hilaren 22an itxiko da, Bilbo, nire kotxe barik! egunarekin, hiri osoan 30 km/h-ko abiadura-muga indarrean jarriko denean.

Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak 2020ko Mugikortasunaren Europako Astea aurkeztu du, irailaren 16tik (bihar, eguaztena)) 22ra (martitzena, “Bilbo, nire kotxe barik!” eguna) artekoa izango dena.

Mugikortasunaren Europako Astea, zeinean Bilbok 2000. urteaz geroztik parte hartu baitu, –hogeita batgarren edizioa da hau–, Europar Batasunaren ekimen bat da, bai arduradun politikoak bai herritarrak sentsibilizatzera bideratua, hirian autoa modu irrazionalean erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen ondorio kaltegarriei buruz eta garraiobide jasangarriagoak erabiltzearen onurei buruz, hala nola garraio publikoa, bizikleta eta oinezko bidaiak.

2020KO MEA-KO GAIA

Europako Batzordeak aurtengo kanpainarako aukeratu duen gaia “Emisiorik gabeko mugikortasunaren alde” da. Gai honek 2050erako ikatz-isurketen neutraltasuna lortzeko asmo handiko helburua islatzen du, Europako Itun Berdean jasotakoa. Halaber, gaiak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela zero isuriko garraio-sistemetarako irisgarritasunak eta pertsona guztientzako sistema inklusiboa sustatzea.

COVID 19ren eragina dela eta, ez da gomendagarria izan herritarren bilerak eta kontzentrazioak ahalbidetuko dituzten ekitaldiak antolatzea, eta, beraz, guztion onerako, MEA birtual eta digital bat egitea erabaki da, bilbaosinmicoche.net webgunean egoitza izango duena.

Bilbaosinmicoche.net webgunean herritarrek mugikortasun eta aisialdi jasangarri eta osasuntsuan hasteko aholkuak eta tutoretzak aurkituko dituzte, bizikletaz, oinez edo itsasadarretik. Gainera, hirian 15 ibilaldi osasungarri egiteko, eskola-bideak proposatzeko eta ezartzeko edo Bilboko eta inguruko industria-ondarearen zati bat oinez ezagutzeko informazioa aurkitu ahal izango du.

Bizikletak ere bere lekua du Bilboko 2020ko MEAn. Hala, bilbaosinmicoche.net-ek hirian garraiobide jasangarri eta osasungarri hori erabiltzeko gomendio batzuk eta ibilgailuaren mantentzeari eta konponketari buruzko tutoretzak ematen dizkie erabiltzaileei.

Bestalde, web orrian ibilketa nordikoari edo nordic walk delakoari lekua egiten zaio, diziplina horren hastapenari, oinarrizko mugimenduei eta ohiko praktikari buruzko tutorialekin. Paddle surfa hasiberrientzat eta kayakaren eta piraguismoaren hastapenak dira itsasadarreko aisialdiko tutorialak.

Bilboko oinezkoentzako proiektu berrietarako gune bat eta MEAko babesleen eta laguntzaileen bideoetarako beste bat egongo dira, hiri mugikortasunari eta mugikortasun jasangarriari buruzkoak.

ELEKTROMUGIKORTASUNA ETA IBILTARIAREN SARIA

2020ko MEAn, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak webgune berri bat aurkeztuko du, hiriko mugikortasun elektrikoari buruzko informazio zehatza eta dauden laguntzak biltzeko.

Astean zehar, El Corte Inglesen eta udalaren arteko akordioa baliozkotuko da, lehenak langileen artean Mugikortasun Plan bat garatu eta mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak har ditzan, eta Iberdrolaren eta BilbaoBizi kudeatzen duen Nextbike enpresaren arteko akordioa aurkeztuko da, bizikleta-parkearen zati bat berritzea eta mailegu-puntu berri bat eraikitzea ahalbidetuko duena.

Azkenik, martitzenean, hilak 22, “Bilbo, nire kotxe barik!” egunean, Bizkaiko hiriburua izango da, bere lurralde osoan, ibilgailuen trafikoaren abiadura 30 km/h-koa izatera mugatzen duen 300.000 biztanletik gorako munduko lehen hiria.

Halaber, hilaren 22an bertan jakinaraziko da 2020ko Ibiltariaren Saria. Oraingo honetan, MEAren edizio birtual baten aurrean egonda, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak gure hiria nabarmentzen eta goratzen duen ekimen digital bat saritu nahi izan du.

Bilbao, ay cómo has cambiao!, @bilbaocambiao (42.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken), Conoce Bilbao con Esme @conocebilbao.conesme (10.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Facebooken eta ia 4.000 Instagramen), Me gusta Bilbao Bilbo @MGBilbo (ia 75.000 jarraitzaile Facebooken) eta Bilbao en construcción @bilbaoenconstruccion (7.000 jarraitzaile baino gehiago Facebooken eta 2.000 baino gehiago Instagramen) dira hautagaiak.

2020ko Ibiltariaren Saria irabazten duen ekimena gure hedabide laguntzaileetako entzuleek bozkatuena izango da, beren webguneetan edo uhinetan inprimaki egokiak ezarriko baitituzte. Bozketa hilaren 21ean amaituko da, 12:00etan.

BILBOKO UDALAREN MUGIKORTASUN PLANA

Mugikortasunaren Astearen hasierarekin batera, Alfonso Gilek Laneko Mugikortasuneko Plana aurkeztu du, Bilboko Udalak berak abian jarriko duena 50 langile baino gehiago dituzten Bilboko enpresentzako esperientzia pilotu eta erreferentzia gisa, PMUSek jasotzen duen bezala.

Jasotzen diren proposamenek jasangarritasun handiagoa eta joan-etorrietan kutsadura txikiagoa lortzea dute helburu. Funtsean, lan-kudeaketak egiteko bidaietan, kontzientziazioan eta, neurri txikiagoan, udaltegiak eta aparkalekuak kokatzeko politikan jartzen dute arreta. Lanera sartzeko bidaiari buruzko ekarpen batzuk ere egiten dira, batez ere bizikleta erabiltzera bideratuak, eta telelanaren garrantzia nabarmentzen da joan-etorriak murrizteko ekarpen gisa.

Plana egin aurretik, inkesta bat egin zen udaleko langileen ohiturak ulertzeko, joan-etorriak eta mugikortasuna planifikatzeko eta kudeatzeko helburuarekin.

Inkestaren arabera, lan-bidaien %36 oinez egiten dira, eta erabaki ohikoena da. Mugimenduen heren bat baino gehiago oinez egiteak adierazten du mugimenduen ibilbidea laburra dela, lanpostutik kudeaketa egiten den lekuraino.

Gainerako bidaia-modalitateei dagokienez, laneko joan-etorrien %23 udalaren ibilgailuen bidez egiten dira. Bestalde, lan-mugimenduen %11 Bilbobusen bidez egiten dira, eta hirugarren aukera ohikoena da. Laneko arrazoiengatik ibilgailu partikularretan egindako bidaien ehunekoa ia oso txikia da –ez dira % 4ra iristen–. Beraz, jasangarritasun handiagoa lortzeko gaitasuna, azterlanaren arabera, udalaren ibilgailuetan egindakoetan oinarritzen da.

Planak hainbat hobekuntza-proposamen egiten ditu laneko kudeaketetara bideratutako bidaietarako, automobilaren erabilera murrizteko eta joan-etorrien eragin kutsatzailea murrizteko. Adibidez, udal-parkeko ibilgailurik zaharrenak berritzea planteatzen du. Zehazki, 2000. urtea baino lehenagokoak kentzea, egungo araudiek baino ingurumen-eskakizun txikiagoekin fabrikatuta baitaude. Ibilgailu elektrikoak erabiltzea eta udal jabetzakoak edo renting-ekoak izateko aukera ere aurreikusten du.

Ibilgailuak berritzeak funtsezko hiru irizpide jarraituko lituzke: gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak sartzea, horiek erabiltzeko irizpide bat ezartzea eta langileei ibilgailuak hobeto esleitzeko aplikazio informatiko bat garatzea.

Ibilgailuak berritzearekin batera, garraio publikoa eta bizikleta bezalako garraiobide jasangarriagoen erabilera areagotzeko beharra eskaintzen da. Hori lortzeko, erraztasun gehiago behar dira udaleko sail bakoitzetik.

Horrez gain, Planak nabarmendu du oso garrantzitsua dela sail bakoitzak Barik txartel bat edo gehiago izatea pertsonalizatu gabe. Azken ezaugarri horri esker, sail osoko langileek erabil dezakete. Gainera, horiek Bilboko garraio publikoko operadore guztietan erabili beharko lirateke, eta ez Bilbobusen soilik.

Bizikletari dagokionez, udal eraikinak bizikletaz hornitzea da azterketaren proposamena.

Kontzientziazio-politikak ere funtsezko zeregina du. Hori lortzeko, beharrezkoa da pertsona guztiak kontzientziatzea, beren joan-etorrietan berotegi-efektuko gasen isurketa murriztu baitezakete. Analisiak proposatzen du ezinbestekoa dela sail bakoitzerako kontzientziazio-ikastaroak ematea. Prestakuntza horietan, joan-etorri bakoitzak duen eragina azalduko litzateke. Era berean, garrantzitsua da garraiobide bat edo bestea aukeratzea, eta datozen urteetan egingo diren aldaketetara ohitzea.

Planak mugikortasun-aztarna ezagutzea eta argitaratzea ontzat jotzen du, kontzientziazioa sortzeko oinarrizko tresna den aldetik. Aztarnak sarbideari eta udaleko sail bakoitzak egindako distantziari erreparatzen die. Azterlanak informazio hori beste erakunde, enpresa eta herritarrentzat pizgarri gisa proposatzen du.

Analisiaren arabera, telelanaren eta online bileren sustapena joan-etorriak murrizten laguntzeko beste aukera bat da. Jasangarritasunaren kontzientzia sustatzeko beste modu bat mugikortasun jasangarriaren eta ariketa fisikoaren arteko lotura da, eta, beraz, baita osasunarekin ere.

Udal-eraikinak kokatzeko politikari eta aparkalekuen erabilerari dagokienez, azterlanak deszentralizazioa proposatzen du herritarren eta funtzionarioen joan-etorriak murrizten lagunduko lukeen alderdi gisa. Planak zuzenean erlazionatzen du lantokiek lotura ona eta araututako aparkalekua duten eremu trinkoetan kokatuta egotea, oinez edo garraio publikoan heltzearekin.

Barrutiko zentroen kasuan, izenak berak dioen bezala, Bilboko auzoetan modu deszentralizatuan kokatu behar dira. Azterlanak nabarmendu egiten du oso garrantzitsua dela zentro horiek hirigintza trinkoa, garraio publikorako sarbide egokia eta aparkaleku arautua duten eremuetan kokatzea.

Udal aparkalekuen erabilerari dagokionez, azterketak proposatzen du aparkaleku horiek nork eta zertarako erabili behar diren erabakitzeko irizpideak birkonfiguratzea. Proposamen bat da udal plazak erabiltzeagatik kobratzea auto partikularrean sartzen denarentzat. Aparkaleku batzuk garraio publikoaz bestelako ordutegia duten langileentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat eta abarrentzat ere hartu behar dira kontuan.

Laburbilduz, lanera sartzeko erabiltzen diren ibilgailuen kopurua murrizteko, ibilgailuen okupazioa handitzea planteatzen da, “autoa partekatzea” kontzeptuaren bidez. Aplikazio informatiko bat erabiltzeak modalitate honetako erabiltzaileei mesede egingo lieke.

Azkenik, lanera sartzeko bidaiei dagokienez, azterlanak gogorarazten du langileen %84 oinez edo garraio publikoan joaten dela lanpostura, eta soilik %11 auto eta moto partikularrean.

Bilboko Udaleko langile gehienak Bilbo Metropolitarreko hiri-eremuan eta Abandotik gertu dauden eta, beraz, garraio publikoaren eskaintza hurbil eta zabala duten eraikin zentraletan daude, eta horrek sarbide-banaketa modal ezin hobea dakar, energia- eta ingurumen-jasangarritasunaren ikuspegitik. Datu horiek hobetu egin litezke bizikleta eta telelanaren erabilera errazteko neurriak hartuz gero.

Bilboko Udalaren Laneko Mugikortasuneko Planaren lehen jarduerak 2021etik aurrera martxan jartzea espero da. Eta aurreikusten da neurri guztiak 2025ean integratuta egotea.