BILBOBUSEK BESTE AUTOBUS BAT ESKURATU DU, % 100 ELEKTRIKOA, 62 LINEAN (ARABELLA-SAM MAMES) ZERBITZU EMATEKO

Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak autobus % 100 elektriko bat aurkeztu du gaur, eta bihar Bilbobusen flotako beste bat izango da, San Mames – Arabella lineako zerbitzua emango duena. Irizar ie Tram modelo bat da, zero isuri eragiten dituen ibilgailu bat, tranbia baten estetika duena, eta Bilbobusek lehendik zeuzkan 11 unitate elektrikoei eta 83 hibridoei gehituko zaie.

Bilbobus berri hau bere diseinu futurista eta minimalistagatik nabarmentzen da, eta berezia izango da hiri-ibilgailuen flotan. Era horretan, beste urrats bat egingo dugu Bilbobusen flota seguruagoa, irisgarriagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa” izateko egiten dugun ahaleginean“, adierazi du Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, autobus berria aurkezteko ekitaldian.

Ibilgailu berri honek barrualde zabala du, tranbia batek bezala, eta hiri-autobus baten malgutasuna, bestalde. 12 m luze da, eta 42 jarleku dauzka, bi gune gurpil-aulkietarako eta 4 jarleku MUPentzat. Sarbideei dagokienez, lau ate lerrakor dauzka, eta zoru osoa beheratua, eta barneko antolamenduan, barruan ibiltzeko korridore handiak dauzka.

75 bidaiari garraia ditzake gehienez, eta azken belaunaldiko litiozko bateriek higiarazten dute: hala, egun oso batean zerbitzu emateko adinako autonomia dauka. Autobusak 250 km-ko autonomia dauka, eta gauez beteko dira haren bateriak, kotxe-tokietan.

“Gure ustean, balio erantsia dakarren proposamen bat da, eta elektro-mugikortasuneko kontzeptu berri bat ere badakar, ingurumenerako onura dakarren hiri-garraio jasangarriago, eraginkorrago, adimentsuago, seguruago eta konektatuago bat izateaz gainera, poza eragiten baitu, autobusean ibiltzera gonbidatzen baitu ibilgailuaren erakargarritasunak”, adierazi du Nora Abetek.

Autobus elektriko berri hau bihar hasiko da 62 linean, egunero San Mames, Arabella, San Mames ibilbidea egiteko, zeinak 12 geltoki dauzkan: Arabella, San Isidro, Zumalacárregui 105, Zumalacárregui / T.Zubiria, Kristo 1, Ibáñez De Bilbao 14, Mazarredo 3, Urquijo 14 / Institutua, Urquijo / Bizkaia Pl., Urquijo 68, Urquijo 92, San Mames.

GARRAIO JASANGARRIA

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak beste urrats bat eman du uri barruko mugikortasun jasangarriaren aldeko itunean jasotako konpromisoak betetzeko bidean, eta herritarren ongizatea hiri-garapenaren erdian jartzen.

Sailak, azken bi urtean, Bilbobusen historiako flota-berrikuntzarik handiena egin du, 88 unitate berrirekin. Une honetan, Bilbobuseko flotaren % 65 berrituta dago eta autobusek, batez beste, 3,9 urte dituzte. Udalaren garraio-zerbitzuak 83 ibilgailu hibrido eta 11 elektriko dauzka.

Gaur den egunean, Udalaren Bilbobus garraio zerbitzuak AENORen 19 kalitate-ziurtagiri dauzka. Guztien artean, Bilbobusek pandemia hasi eta berehala autobusetan segurtasuna bermatzeko garatu zuen protokoloa nabarmentzen da.

Informazio gehiago hemen.