BILBAOBIZIK BIZIKLETAK MAILEGATZEKO PUNTU BERRI BAT IREKI DU INTERMODALAREN ZELAIGUNEAN
- Uriak bizikletak uzteko 41 gune ditu dagoeneko, hiri osoan barreiatuta.
- Bizikleta bakoitza gehien erabiltzen den Europako sistema izatera iritsi da zerbitzu hau.
- Amenabarrek, Bilbo Intermodalaren kudeatzaileak, puntu berri hori gehitu du Intermodalak berak eskaintzen duen multimodalitatearen barruan.
Bizikleten udal mailegu zerbitzuak, Bilbaobizik, mailegu puntu berria ireki du gaur Intermodal sarreraren zelaigunean.
Bizikletak alokatzeko gune berriak Bilbaobizi zerbitzuko bizikleta elektrikoentzako 30 ainguraleku ditu eta Amenabar geltokiaren kudeatzailearen konpromisoa da; honekin, Intermodalak berak eskaintzen duen multimodalitateari beste elementu bat gehitu nahi izan dio.
Mailegu-puntu berriaren ondoan, bizikletak aparkatzeko modulu seguru automatikoa eta bideozaindua instalatu da 14 unitaterentzat, gailu mugikorraren edo online teklatuaren bidez egiaztatuta sartzeko aukera ematen duena. Instalazioak motor elektrikodun ateak ditu eta automatikoki ixten dira, laguntza birtualarekin eta urruneko laguntzarekin. Gainera, zabalgune berean, 25 unitaterentzako bizikleta-aparkaleku orokor bat jarri da.
Bilbaobizik gaur egun Zunzunegi kalean (EHU/UPVren Ingeniaritza Eskolako eraikinen eta tranbiaren artean) duen estazioak zerbitzua ematen jarraituko du, orain arte bezala. Haren izena Zunzunegi izango da, kalearena bezala, eta 25 bizikleta finkatzeko guneak izaten jarraituko du.
Alfonso Gil Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko Alkateorde eta zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, Bilbaobiziko eskaintza zabalduta, bai mailegu-puntuena bai bizikletena, “agerian geratu da udal honek garraiobide osasungarri baten aldeko apustua egiten jarraitzen duela, etorkizuna izatetik gure hirian presente izatera igaro dena, honelako ekimenei edo abiadura orduko 30 kilometrora mugatzeari esker”.
Intermodaleko puntuarekin, Bilbok 41 mailegu gune ditu banatuta hirian zehar, eta berriki 150 bizikleta elektriko berri sartu ditu 550 unitatera iristeko.
Oraingoan, Basurtu auzoko Intermodal berriko zabalgunean gune berria ipiniz, Bilbok intermodalitatearen aldeko apustua egin du. Bizikleta-estazio berriaren kokaguneak erraztu egingo du hiriaren barruan garraiobide-motak txandakatzea eta bizikleta eta garraio publikoa uztartzea. Zehazki, nodo intermodal horretan elkartzen dira aldiriko trenak, metroa, tranbia, Bilbobus, Bizkaibus, taxiak eta Bilbaobizi udal-bizikleten zerbitzua. Horri esker, eguneroko mugikortasuna bermatuko duen sistema bat diseinatu daiteke, kate intermodal jasangarri baten esparruan: oinez, bizikletaz eta garraio publikoan.
BIZIKLETA-KOPURUKO EUROPAKO ERABILERA HANDIENA
Bilbaobizik badu pedalei eragitean lagundu egiten duten bizikleta-sorta betea, eta 2018an abian jarri zenetik, zerbitzua hazi egin da. Gaur egun, bizikleta bakoitza gehien erabiltzen den Europako sistema izatera iritsi da. Aplikazioa 2.400.000 alditik gora erabili da. Gehien erabilitako egunetan 20 aldiz baliatu izan dira bizikletak, eta horrenbestez, aise gainditu dira antzeko zerbitzuak dituzten Europako hiriburu guztietako datuak.
BILBAOBIZIRI BURUZ
Bilbaobizi bizikleta-zerbitzu publikoa da. Egunero 500 aldiz erabiltzetik 8.000ra pasatu da sistema. 2019an, erabilera lau halako baino gehiago handitu zen; 2018an 373.000 aldiz erabili zen, eta iaz, berriz, 1.704.000.
Bizikletak maileguan uzteko udal-zerbitzua 2018ko urrian berritu zen, pedalei eragiteko laguntza ematen duten bizikletak besterik ez duen eta orain Bilbaobizi izena eman zaion sistema ezarriz. Gaur egun pedalei eragiteko laguntza ematen duten 550 bizikleta eta Bizkaiko hiriburuan sakabanatutako 41 mailegu-gune ditu.
Uztailean zerbitzua berriz ireki ostean, gaur egungo ordutegia 06:00etatik 21:30era bitartekoa da, astelehenetik ostiralera. Larunbat goizetan 06:00etan hasi eta 14:30ean amaitzen da. Bi kasuetan, amaiera-ordua gainditu ondoren 30 minutuko epea dago bizikletak itzultzeko. Gehienez ere ordu erdiz erabil daitezke jarraian, eta derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.