BILBAOBIZIK 35ERA ARTE GEHITU DITU BIZIKLETA-MAILEGU PUNTUAK

  • Bilboko Udalak gaur goizean inauguratu ditu beste lau puntu bizikletak maileguan hartzeko eta entregatzeko, eta, hala, handitu egin du Bilboko bizikleta-maileguen zerbitzua.
  • Xedea da 40 puntuetara arte iristea aurtengo martxoan.
  • Urrian ezarri zenetik, hiru bider handiagoa bihurtu da bizikleta elektrikoen zerbitzu berriaren eguneroko erabilera; eguneroko maileguen batez bestekoa 1.608 erabileretaraino iritsi da.
  • 17.105 lagun daude gaur egun zerbitzuan izena emanda.

 

Gaur goizean, bizikletak maileguan hartzeko beste lau puntu berri aktibatu dira, eta,hala, hedatu egin da Bilbaobizi zerbitzua, zeinak geroz eta eskari handiagoa baitauka. Bizikletak ainguratzeko leku berriak hemen daude: Arangoiti (20 ainguraleku), Erriberako Merkatua (30 ainguraleku), Eskurtze (25 ainguraleku) eta Zorrotzako Kiroldegia (20 ainguraleku).

Bilboko Udalak gaur goizean egin du bizikletak maileguan hartzeko Arangoiti auzoko leku berriak inauguratzeko ekitaldia. Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko eta zinegotzi ordezkari eta alkateorde Alfontso Gil, korporazioko beste kide batzuekin batera, Araneko Bidea kalearen 37. zenbakiraino hurbildu dira, Agirre baserriaren aurrera (Arangoitiko udaltegia han dago), han ipini baitira bizikletentzako beste 20 ainguraleku berri, auzoko erabiltzaileek bizikleta publikoak eskura ahal izan ditzaten.

Bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzua joan den urrian berritu zen, eta pedalei emateko laguntza duten bizikletak baizik eskaintzen ez dituen sistema bat ezarri zen, orain Bilbaobizi deritzona. Pedalei emateko laguntza duten 450 bizikleta daude orain, maileguan hartzeko 35 puntutan, Bizkaiko hiriburuan, eta, aurki, datorren martxoan, beste 5 puntu ipiniko dira. Gaur egun, urtean 365 egunetan eta egunean 24 orduan har daitezke bizikletak; urrira arte, ordea, goizeko 6:00etatik 22:30era zen bakarrik.

Urriaren 27tik hasi (egun horretan inauguratu zen zerbitzu berria), 17.105 pertsonak eman dute izena zerbitzuan (3.524 alta berri), eta zerbitzuak, guztira, 147.946 izan dira: eguneko 1.608 mailegu batez beste. Iazko datuekin alderaturik, 46.599 mailegu egin ziren aldi horretan, eta horrek esan nahi du egunean 506 mailegu egin zirela batez beste: beraz, hiru bider gehitu da erabileren zenbatekoa.

Arriaga Antzokia da mailegu-puntu erabiliena (% 8,5), eta astelehena da astean erabilerarik gehien izaten den eguna.

Bizikleta berriek badute motor elektriko lagungarri bat, 50 km arteko autonomia duena, eta litio-ionezko bateria batek hornitzen du energiaz; gehienezko abiadura orduko 25 kilometrokoa du. Gainera, hornituta daude honako hauez ere: saskitxoa, hede malguekikoa; atzeko eta aurreko led argiak, islagailuekikoa; moldagailu bat urkilan, leunki ainguratzeko; jarlekuaren garaiera egokigarria; giltzarrapo adimenduna, GPSz hornitua, aparkatzen laguntzen duena; hagun sendo eta zulakaitza, 5/6 zerrenda islagarriekikoak; Shimano Nexus abiadurak aldatzeko sistema (3 abiadura); eta kable sarea koadroaren barrutik.

Zerbitzuak bere egungo prezioari eutsiko dio, 20 €/urtean, Bilbon erroldatuta dauden pertsonentzat, eta 25 €, erroldatu gabekoentzat.