BAZENEKIEN FILMATZEETARAKO INGURUMEN-ZIGILU BAT DAGOELA?
Sarritan, filmazioetan, ez diote garrantzirik ematen ingurumen-jasangarritasunari. Hori dela eta, ikus-entzunezko produkzioetan ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko tresna bat diseinatu dute. «Green Film» du izena, eta ekoizleei lan-jardunbide jasangarriei buruzko orientabidea ematen ere laguntzen du. Ingurumena zaintzen duten proiektuei ematen diete ziurtagiri hori.
Hona hemen aintzat hartu beharreko irizpideak, ikus-entzunezko proiektu batek zigilua lortzeko:
- JASANGARRITASUNA PLANIFIKATZEA. Filmatzen hasi aurretik, jasangarritasunaren alorreko zein neurri ezarriko diren planifikatzea.
- ENERGIA AURREZTEA. Elektrizitate berdea, LED argiak eta abar erabiltzea. Energia-baliabideak probesten dira. Energia-kontsumoak eragindako inpaktua txikitzea bermatzen da.
- GARRAIOA ETA OSTATU HARTZEA. Ingurumen-etiketadun ibilgailuak erabiltzea, filmatzetik hurbil dagoen toki batean ostatu hartzea eta abar. Garraioaren ondoriozko gas kutsakor gutxiago isurtzen dira, eta taldeak ostatu hartzeak eragindako inpaktua txikiagoa da.
- Edateko ura hornitzea, ontzi berrerabilgarriak erabiltzea eta abar. Elikadura osasuntsu eta kalitatezkoa bermatzeaz gain, CO2 isurpenak gutxitzen dira eta ez dira cateringetan sortu ohi diren hondakinak sortzen.
- MATERIALAK HAUTATZEA. Ingurumena zaintzen duten materialak erabiltzea. Adibidez: birziklatutako edo berrerabilitako materialak eta bigarren eskukoak, paper gutxiago erabiltzea eta abar.
- HONDAKINAK KUDEATZEA. Filmazioan zehar sortutako hondakinak behar bezala kudeatzen direla bermatzea, berreskuratzeari eta birziklatzeari lehentasuna emanez. Horretarako, hondakinak gaika bildu behar dira, filmatzeko lekuan bertan.
- PUBLIZITATEA ETA PROMOZIOA. Ikus-entzunezko lanaren zabalkundea eta promozioa egitea, publikoaren artean jasangarritasunaren alorreko jardunbide egokiak sustatzeko.