BASA BIZITZAREN MUNDUKO EGUNA

Gaur, martxoak 3, basa bizitzaren nazioarteko eguna da, Nazio Batuen Batzar Nagusiek 2013ko abenduaren 20an erabaki zutenetik. Baina, ba al dakizu zergatik egiten den egun horretan? 1973an basa fauna- eta flora-espezie mehatxatuen nazioarteko merkataritzari buruzko konbentzioa sinatu zela gomutatzeko. Egun honen helburu nagusia munduko herritarrak kontzientziatzea da, basoko fauna eta florak duten balioaz. Egun horri Naturaren Munduko Eguna ere esaten zaio.

Basa fauna- eta flora- espezie mehatxatuen nazioarteko merkataritzari buruzko konbentzioa (CITES siglen bidez ere ezagutzen da) nazioarteko tratatu bat da, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren ebazpenean oinarritua, helburu nagusi duena animalia- eta landare-espezieekin lotutako nazioarteko merkataritza espezieen biziraupenerako mehatxua ez izatea. 35.000 animalia- eta landare-espezie baino gehiago hartzen ditu, eta gaur egun 183 herrialde daude atxikita.

Basa-bizitzaren mehatxu nagusiak ezkutuko ehiza, gehiegizko arrantza, espezieen trafikoa, berotegi-efektuko gasen emisioak, natura-baliabideen gehiegizko ustiapena eta abar dira.