ANIMALIEN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA!

Bihar, abenduak 10, Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da. Baina ba al dakizu zergatik?

Alde batetik, 1948ko abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zen. Adierazpen horren 50. urteurrenean, eta horren helburua eredutzat hartuta, 1998ko abenduaren 10ean Animalien Eskubideen Nazioarteko Eguna ere izatea erabaki zen, herritarrak eta estatua jabetu zitezen eskubide horiek zabaldu eta betearazteko beharraz.

Bestalde, Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala 1977ko irailaren 23an idatzi zen Londresen. Adierazpen horretan, animaliekiko errespetua sustatzen da, alegia, haien bizitza babestea, haien bizi-premiak asez eta justifikaziorik gabe hiltzea saihestuz, ondo pasatzearren, ikuskizunetan edo zientziako esperimentuetan tratu txarrak ematea saihestuz; animalia basatien askatasuna mantentzea eta lagun egiteko animaliak ez abandonatzea. Nabarmendu behar da adierazpen horrek ez duela lege-loturarik; beraz, azken artikuluan, estatuei gonbitea egiten zaie animaliak babesteko legeak eman ditzaten.

Eta zuk, zer egin dezakezu animalien alde? Ez erabili larruzko arroparik, errespetatu ingurumena animaliak lasai bizi daitezen, eraman zure maskotara albaitariarengana ohiko azterketak egitera, errespetatu babestutako eremuak, egin dohaintzak animaliei laguntzen dieten elkarteei…