ALBISTE ONAK KATAMOTZARI BURUZ: DAGOENEKO BADIRA 1668 ALE, “ARRISKUAN” EZ EGOTEKO ERDIBIDEAN

Katamotz iberiarrak hedatzen jarraitzen du, eta 18 aldiz handitu da populazioa 2002. urtean kontserbazio-programa hasi zenetik (ale gutxi batzuk bakarrik geratzen ziren orduan, 94, zehazki).

Azken erroldaren arabera, 1668 ale bizi ziren aske 2022an: 1105 helduak edo ia helduak ziren (urte 1 eta 2 bitartean), eta 563 kumeak, aurreko urtean baino 300 ale gehiago. Zifra horren arabera, esan daiteke arriskutik kanpo hartzeko erdi bidean dagoela katamotz iberiarra, WWFren esanetan. Espeziea kontserbazio-egoera onean egongo da baldin eta errolda 3000 eta 3500 ale artekoa bada, eta horietatik 750 ugaltzeko gaitasuna duten emeak badira. Gaur egun, ugaltzeko gaitasuna duten 326 eme daude.

Duela 20 urte, berreskuratze-programa hasi zenean, 94 katamotz baino ez zeuden aske penintsulan, Andaluzian: Doñanan eta Andújar mendilerroan.

Gaur egun, 15 gunetan daude modu egonkorrean katamotzak; gehienak Espainian daude, baina bat Portugalen (Guadiana haranean), 261 alerekin. Espainian, katamotz gehien dituzten eremuak hauek dira: Sierra Morena ingurua (782 katamotz), Toledoko mendiak (272), Guadiana ibarra (261) eta Matachel aldea (138). Populazio osoaren % 84 Espainian bizi da, eta ale gehien Andaluzian dago, gero, Gaztela-Mantxan eta ondoren Extremaduran. 2022an, Granadan eta Murtzian katamotza berriro sartzeko eremu berri bat sortu zen, eta 3 katamotz eraman zituzten.

Populazioa handituko bada, katamotza ugaltzeko leku berriak modu artifizialean sortu behar dira. Berezko sakabanatzeak badu arazo bat, kasualitatea behar dela leku berean ar bat eta eme bat elkartzeko, eta gainera, biak altan egoteko. Arrakastaren gakoa untxien ugaritasuna ere bada, katamotzen dietan funtsezkoak baitira. Espezie honen populazioak ere arriskuan egon dira eta eremu batzuetan ia desagertu egin dira.

Katamotzaren arriskurik handienak hauek dira:

  • Espezie horren ehiza masiboa XX. mendean
  • Elikagairik eza
  • Gaixotasunak
  • Harrapatzeak