ABIAN DA IBILEN IBILGAILU ELEKTRIKOAK ARIN KARGATZEKO BESTE INSTALAZIO BAT

  • Bilboko Udalaren eta Energiaren Euskal Erakundearen akordio bati esker jarri ahal izan da Ibilgailuak azkar kargatzeko puntu berri HAU.
  • Elektrolinera Sabino Arana kalean dago eta IBIL karga-gestoreak kudeatuko du. Energiaren Euskal Erakundeak IBILen % 50eko partaidetza du eta beste % 50 Repsolek.
  • Terminal hau abian jarrita, Bizkaiko uriburuan guztira bost puntu daude IBILen ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko.

 

Ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko abian jarri den puntu berria Sabino Arana kaleko 53an dago. Instalazio berri hau Bilbon lehendik dauden horrelako beste lau instalazioei gehitu behar zaie.

Bilboko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker instalatu ahal izan da elektrolinera berri hau. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko aholkulari eta zuzendari nagusiak sinatu duten hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango du, luzagarria, kargatzeko puntuak funtzionatzen hasten direnetik hasita.

Energiaren Euskal Erakundeak badu “R-KARGA” promozioa. Horren bidez promozioan inskribatutako ibilgailu elektrikoen erabiltzaileek kargatzeko puntu publikoetan ibilgailuak dohainik kargatzeko aukera dute. Hitzarmenean promozio hori 2019ko ekainaren 30era arte luzatzea jaso da.

Bilboko Udalak jasangarritasun-arloan beste batzuekin batera parte hartzen du zenbait ekimenetan, mugikortasun elektrikoa sustatzeko eta gas kutsagarrien isurpenak murrizteko asmoz. Horrela dago jasota udalaren plan batzuetan. Horien artean daude Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Plana, Energia Jasangarrirako Ekintza Plana eta Bilbon Ibilgailu Elektrikoa zabaltzeko Plan Estrategikoa; eta horietan bietan beste erakunde batzuekin elkarlanean aritu nahi du udalak.

Energiaren Euskal Erakundeak, bere aldetik, helburu berberak ditu, ibilgailu elektrikoen masa kritikoa lortze aldera, 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoak ezarri bezala.

Energiaren Euskal Erakundeak azkar kargatzeko puntu hauen kudeaketa IBILen esku utzi du. Enpresa horretan Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetza du eta beste % 50ekoa Repsolek). Hiru tutuko karga arineko terminalak jarriko dira (Chademo, Combo CCS eta Mennekes konektoreekin), 50 Kw-rainoko potentziadunak, ilibilgailuaren % 80 kargatzen duena 20 minututan. Gainera, denak bide publikoan daude; era horretan, ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileek kargak edozein ordutan eta asteko edozein egunetan egiteko aukera izango dute

IBILek urte osoan eskaintzen du gau eta eguneko zerbitzua.

Ibilgailuak kargatzeko ez da behar ezelako kontraturik, nahikoa da IBILen aplikazioa jaistea (Android eta iOS), geure datuak sartzea, puntua mapan bilatzea, kargatzeko erabiliko den konektorea aukeratzea eta “kargatu” sakatzea.

ARIN KARGATZEKO 5 PUNTU BILBON

Elektrolinera berri hau zerbitzuan jarri ondoren, bost dira Bilbon ibiltzen diren ibilgailu elektrikoak arin kargatzeko puntuak.

  • Begoñako Andra Maria 47an, basilika ondoko taxi-geralekuaren alboan.
  • Etxaniz Suhiltzailearen plaza
  • Leizaola Lehendakariaren etorbideko 5ean.
  • Elcano 8an, Moyua plazaren ondoan.
  • Sabino Arana etorbideko 53an.

Arin kargatzeko puntu hauek abian jarrita, Bilbok kaleetan ibilgailu elektrikoa zabaltzearen alde egiten du, ibilgailu termikoen isurketa kutsagarriak murrizteko.