MEZULARITZA JASANGARRIA
Mezu digitalak bidaltzeak –adibidez, mezu elektronikoak eta WhatsAppeko mezuak– ingurumen-inpaktua du, zerbitzarien, telekomunikazio-sareen eta gailu elektronikoen energia-kontsumoaren ondorioz. Karbono-aztarna txikiagoa da komunikazio-metodo tradizionalena baino (posta arruntarena, esate baterako), baina, modu masiboan erabiliz gero eta datuak biltegiratuz gero, inpaktua esanguratsua da.
- Nola kutsatzen du mezu elektronikoen eta WhatsApp mezuen bidalketak?
 
Ingurumen-inpaktua hiru iturri nagusitatik dator:
- Zerbitzarien eta datu-zentroen energia-kontsumoa: Mezu elektronikoak eta WhatsAppeko mezuak biltegiratze- eta prozesatze-zerbitzarien bidez garraiatzen dira. Zerbitzari horiek egunean 24 orduz funtzionatzen duten eta elektrizitate asko kontsumitzen duten datu-zentroetan daude. Google, Microsoft eta Meta bezalako enpresek datu-zentro erraldoiak erabiltzen dituzte, etengabe hoztea eta mantentzea behar dutenak.
 - Telekomunikazio-sareen energia-kontsumoa: E-mailek eta mezuek zuntz optikoko sareen eta telefonia mugikorreko dorreen bidez bidaiatzen dute, eta horrek elektrizitatea eskatzen du datuak transmititzeko.
 - Erabiltzaileen gailuen energia-kontsumoa: Ordenagailuek, mugikorrek eta beste gailu batzuek mezuak bidaltzeko, jasotzeko eta biltegiratzeko erabiltzen duten energiak ere karbono-aztarna areagotzen du.
 
- Zergatik kutsatzen du mezu elektronikoen eta WhatsApp mezuen bidalketak?
 
Hodeian bidali eta gordetako mezu bakoitzak baliabideak kontsumitzen ditu, arrazoi hauengatik:
- Zerbitzarietan eta sareetan jarduteko behar den energiagatik
 - Mezu elektronikoak eta erantsitako fitxategiak hodeian luzaroan biltegiratzeagatik
 - Maiz kargatu eta softwarea eguneratu behar duten gailu elektronikoak erabiltzeagatik
 - Datu-trafikoaren hazkunde esponentzialagatik, mezuen bidalketa masiboak bultzatuta; horietako asko, gainera, ez dira beharrezkoak (spama, newsletterrak, kopia automatikoak, etab.).
 
- Zenbat kutsatzen du mezu elektronikoen eta WhatsApp mezuen bidalketak?
 
E-mailak
- E-mail soil batek (eranskinik gabe) 0,3 gramo CO2 inguru sortzen ditu.
 - E-mail batek, erantsitako fitxategi batekin (MB 1), 17 gramo CO2 inguru.
 - Mezu elektroniko batek, irudi astunekin, eta zenbait fitxategi erantsita, 50 gramo CO2 inguru.
 - Urtebetean biltegiratutako mezu elektronikoen GB 1ek, 32 kg CO2.
 
Spama ingurumen-arazo handia da:
320.000 milioi mezu elektroniko bidaltzen dira egunean munduan.
Spama mezu elektronikoen trafikoaren % 45 da.
Spam izaerako mezu elektroniko guztiak sarrera-ontzietara iritsi aurretik ezabatuko balira, urtean 33 TWh elektrizitate aurreztuko litzateke, alegia, 1,5 milioi etxeren urteko kontsumoaren baliokidea.
WhatsAppeko mezuak eta testu-mezuak
- WhatsAppeko mezu bat, testu laburrekoa, 0,2 gramo CO2 inguru.
 - MB 1eko argazki bat, WhatsAppez bidalia, 10 gramo CO2 inguru.
 - Minutu bateko bideo bat (10 MB), WhatsAppez bidalia, 100 gramo CO2 inguru.
 - 100 MBko fitxategi bat, WhatsAppez bidalia, kg 1 CO2 inguru.
 
WhatsAppek mezu elektronikoek baino gutxiago kutsatzen du testu huts gisa, baina, multimedia-fitxategiak bidaltzen direnean, inpaktua izugarri handitzen da.
- Ingurumen-inpaktuaren konparazioa:
 
| Ekintza | Sortutako CO2 | 
| E-maila, eranskinik gabe | 0,3 g | 
| E-maila, eranskinarekin (MB 1) | 17 g | 
| WhatsAppeko testu-mezua | 0,2 g | 
| MB 1eko argazkia WhatsAppen | 10 g | 
| 10 MBko argazkia WhatsAppen | 100 g | 
| Urtebetez biltegiratutako mezu elektronikoen GB 1 | 32 kg | 
Perspektiban jartzeko:
MB 1eko milioi bat mezu elektronikok 17 tona CO2 sortzen dute, hau da, gasolina-auto batean 85.000 km egitearen baliokidea.
Urtean 10 GB e-mail gordetzen dituen erabiltzaile bakar batek 320 kg CO2 sortzen du, hau da, Madrildik Parisera egiten den hegaldi batek bezainbeste.
- Nola murriztu mezu elektronikoen eta WhatsAppen inpaktua?
 
| E-mailak | WhatsApp eta mezularitza | 
| Ezabatu behar ez diren mezu elektronikoak, batez ere eranskin handiak dituztenak | Ez bidali beharrezkoa ez den argazki ez bideorik | 
| Eman baja newsletter-ei eta spam-zerrendei | Bidali aurretik, konprimatu irudiak | 
| Ez “erantzun guztiei”, beharrezkoa ez bada | Ezabatu txat eta multimedia fitxategi zaharrak | 
| Eranskinak murriztu eta konprimatu | Desaktibatu fitxategien deskarga automatikoa | 
| Erabili hodeian biltegiratzeko plataforma eraginkorrak | 
Datuon iturriak:
- ADEME (Agence de l’Environnement et de la Maîtrise de l’Énergie, Frantzia): Posta elektronikoaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlan xehatua egin zuen.
 - The Shift Project (jasangarritasunari eta digitalizazioari buruzko think tank frantsesa): Teknologia digitalak klima-aldaketan duen inpaktuari buruzko ikerketak argitaratu zituen.
 - Carbon Literacy Project eta Mike Berners-Lee (How Bad Are Bananas? The Carbon Footprint of Everything liburuaren egilea): Mezu elektronikoen eta mezularitzaren karbono-aztarnari buruzko kalkuluak.
 - Lancasterreko Unibertsitatearen azterlanak: Negozioen e-mailen inpaktua eta energia-kontsumo globalari egiten dioten ekarpena aztertu zituen.
 - Google, Microsoft eta Amazon Web Services (AWS)-en datuak datu-zentroen energia-kontsumoari buruz.
 


