Martxoak 3: Basabizitzaren Munduko Eguna
Basabizitzaren Munduko Eguna martxoaren 3an ospatzen dugu urtero. Izan ere, NBEk egun hori hautatu zuen gure planetan faunak eta florak duten garrantziaz kontzientziatzeko. Egun horretan, gonbita egiten zaigu biodibertsitatea babestu beharraz hausnar dezagun.
Basabizitzan pentsatzen dugunean, normalean urruneko lekuak, baso sarriak edo oihan tropikalak etortzen zaizkigu gogora. Hala ere, biodibertsitatea gure hirietan ere badago. Bilbon baditugu espezie ugariren bizileku diren hiri-parkeak eta hezeguneak, eta bertan hegaztiak, intsektuak, ugaztun txikiak eta landare autoktonoak izaten dira. Hirian aurkitu ahal diren espezie ohikoenen artean, zozo arrunta, txantxangorria, amilotx urdina eta ubarroi handia nabarmentzen dira Ibaizabalen ertzetan. Casilda Iturrizar parkean eta Pagasarrin, ugaztunen artean, katagorri arrunta ikus dezakegu, eta orobat intsektu polinizatzaileak, oreka ekologikoari mesede egiten dioten intsektu polinizatzaile ugari.
Espazio horiek, gure bizi-kalitatea hobetzeaz gain, funtsezko funtzioak betetzen dituzte tokiko ekosistemetan, hala nola klima erregulatzea eta airea garbitzea.
Hirien hazkundea, kutsadura, espezie inbaditzaileen etorrera eta klima-aldaketa dira, besteak beste, basabizitzak dituen mehatxu nagusietako batzuk, baita hiri-inguruneetan ere. Habitatak zatikatzen badira eta berdeguneak murrizten, tokiko espezieak kaltetuta gerta daitezke, eta oreka ekologikoa arriskuan egon daiteke.
Bilboko Udalak biodibertsitatearen kontserbazioa sustatzen du, eta horretarako hainbat ekimen egiten ditu, hala nola hezeguneak babestea eta hiriko naturaguneak leheneratzea. Baina zuk ere jar dezakezu zeure alea zeure eguneroko bizitzan ekintza txiki batzuk eginez:
- Sortu biodibertsitaterako babesgune bat zeure balkoian edo lorategian; horretarako, landatu lore autoktonoak, haiek lagunduko baitiete polinizatzaileei, hala nola erle eta tximeletei.
- Deskubritu tokiko fauna; horretarako, aski duzu hiriko parkeetan paseatu eta hegaztiak eta beste animalia batzuk behatzea, haien habitataren baretasuna hautsi gabe.
- Ez utzi zaborrik naturan eta parte hartu garbiketa komunitarioetan, gure ibaietako eta berdeguneetako kutsadura murrizteko.
- Babestu ekimen jasangarriak, eta, horretarako, aukeratu tokiko produktuak eta ez erosi habitatak deforestatzen edo galtzen laguntzen duten produktuak.
- Partekatu eta hezi: hitz egin zeure ingurukoekin biodibertsitatea babestearen garrantziaz, eta animatu pertsona gehiago kausarekin bat egitera.
Martxoaren 3 honetan, ospatu dezagun basabizitza bere forma guztietan, eta gogoratu dezagun basabizitza babestea gure ongizatea bermatzea ere badela. Zaindu dezagun biodibertsitatea, baita hirian ere!