BILBOKO UDALAK BAT EGINGO DU ZAPATUAN “PLANETAREN ORDUA” EKIMENAREKIN, JENDEA KLIMA ALDAKETAZ JABEARAZTEKO
BILBOKO UDALAK BAT EGINGO DU ZAPATUAN “PLANETAREN ORDUA” EKIMENAREKIN, JENDEA KLIMA ALDAKETAZ JABEARAZTEKO
- Planetaren Ordua WWFk sustatutako ekintza bat da, ingurumena zaintzearen garrantziaz eta tenperaturen igoera globalaren ondorioez ohartarazteko.
- Ekintza sinboliko honetan argiak ordubetez amatatzen dira klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat etorriz. Bilboko eraikin garrantzitsuenetako batzuetan argi apaingarriak amatatuko dira, bihar, zapatua, 20:30etik 21:30era.
(Bilbon, 2024ko martxoaren 21ean).- 2007. urteaz geroztik, “Planetaren Ordua” kanpaina egiten da, WWF erakundeak bultzatuta, helburu hauekin: herritarrak klima-aldaketaren ondorio negatiboez kontzientziatzea, atmosferara isurtzen den CO2 kantitatea murrizteko eskatzea eta ingurumenaren zaintzari balioa ematea.
Urtero legez, Bilboko Udalak bat egingo du ekimen horrekin, eta, zapatuan, martxoak 23, ordubetez, argiak amatatuta egongo dira herriko eraikin eta monumentu enblematikoetan, hala nola, udaletxean, Begoñako basilikan, San Bizente elizan, Aznar eraikinean, San Agustin eraikinean eta Arriaga Antzokian.
Adituen ustez hurrengo 6 urteak funtsezkoak izango dira planeten mugen barruan eta 1,5° C-ko klimaren atalasearen azpitik mantentzeko; bestela, atzera bueltarik gabeko ingurumen-degradazioko egoera izango dugu eta klima-aldaketaren inpaktu larri-larriak jasango ditugu.
Planetaren Ordua mundu-mailako mugimendua da, eta iaz 200 herrialdetako 500 udalerrik eta milioika pertsonak hartu zuen parte, 20:30etik 21:30era bitartean etxe, enpresa, eraikin eta monumentu enblematikoenen argiak amatatuz.