Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna
Gaur, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna da, klima-aldaketak planetan dituen ondorio kaltegarrien berri herritarrei emateko helburu duena.
Klima-aldaketa planetako klimaren eta tenperaturaren aldakuntza globala da; arrazoi naturalengatik gertatzen da, epe luzeetan. Hala ere, XIX. mendetik aurrera, gizakiaren jarduerak sortutako kutsadurak prozesu hori azkartu du. Erregai fosilak erretzea izan da arrazoi nagusia, berotegi efektuko gasak isurtzen direlako horrela. Gas horiek tenperatura igotzea ekarri dute, eguzkiaren beroa atxikitzen baitute. Horren ondorioz, poloak urtzen hasten dira, itsas mailak gora egiten du eta muturreko klima-gertaerak ugaritzen dira (suteak, uholdeak, lehorteak etab.).
Gas kaltegarri gehien isurtzen dituztenen artean garraioaren, industriaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreak daude.
Gaur egun, klima-larrialdi baten aurrean gaude, eta beharrezkoa da herritar guztien eta herrialde guztien laguntza, klima-aldaketaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko eta hondamendi handiagoa saihesteko. Horretarako, klima-aldaketaren aurkako tresna juridiko garrantzitsu batzuk prestatu ziren, hala nola Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (1992), Kyotoko Protokoloa (1995) eta Parisko Akordioa (2015). Modu berean, 1988an Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldea (IPCC) sortu zen, klima-aldaketaren balizko ondorioei buruzko txostenak egiteko eta jarraibideak emateko.
Guztion artean klima-aldaketaren ondorioak murrizten lagun dezakegu, keinu txikiak eginez, adibidez, energia berriztagarria erabiliz, material birziklatuak edo biodegradagarriak erabiliz, plastikoaren erabilera murriztuz eta abar.