OLAGARROEN HAZTEGIAK, BAI ALA EZ?
Olagarroak itsas animalia adimentsuenetakoak dira, eta gero eta estimu handiagoa dute sukaldaritzako produktutzat. Hori dela eta, azken urteetan eskaria handitu egin da. Zefalopodo horiek azkar ari dira desagertzen, kantitate handietan arrantzatzen direlako, hain kantitate handietan ze ugaltzea eragozten baitzaie, eta, ondorioz, bihar-etzi desagertu egingo dira. Gero eta gehiago arrantzatzea arriskutsua da populazio basatientzat, eta, horregatik, azken urteotan areagotu egin dira arrainak itxian, “olagarro-haztegietan”, hazteko ahaleginak. Baina ba al dakizu haztegi horiek eragin negatiboa izango dutela ingurumenean eta tokiko ekosistemetan?
Olagarroak animalia harrapariak dira, haragijaleak. Haztegi horietan elikatzeko, berdela eta karramarro berdea erabiliko dira, jada arriskuan daudenak. Baina antxoak eta sardinak ere erabiliko dituzte jaten emateko, eta horiek izokinak hazteko ere erabiltzen dira eta hortaz, horiek ere arriskuan daude. Egunero, olagarroek euren pisua halako hiru jaten dute. Beraz, olagarroak elikatzeko aipatutako espezieak arrantzatzea jasanezina da.
Era berean, kontuan izan behar da olagarroak sentitzen duten animaliak direla, adimentsuak, sortzaileak eta bakartiak (ugalketa-garaian bakarrik elkartzen dira beste batzuekin). Beraz, sufritu egingo dute gainpopulazioarekin eta hazkuntza-dentsitate handiekin. Horrek ondoeza eta agresibitatea eta lurraldetasuna ekar ditzake ondorio gisa, baita kanibalismo-kasuak ere.
Bestalde, akuikulturak inpaktua du ingurumenean. Hona hemen:
- Gorozkiek eta elikagaien deskonposizioak askatutako nitrogeno eta fosforo bidezko kutsadura.
- Ongarriek, algizidek eta desinfektatzaileek eragindako kutsadura.
- Antibiotikoen gehiegizko erabilera.
- Kaioletatik ihes egindako olagarroen eta olagarro basatien artean gaixotasunak gurutzatzea eta transmititzea.
- Galerak eta inpaktuak kaiolak jartzen diren habitatean edo horietatik hurbil dauden korronte-eremuetan.
Olagarroen hazkuntza itsas ekosistemak suntsitzeari gehitzen zaio.
Ozeanotik arrain gehiegi ateratzen direnean, desoreka sortzen da, elikadura-sarea higatu eta itsas bizitza garrantzitsua galtzea eragin dezakeena, espezie kalteberak barne (itsas dortokak, koralak, etab.).
Gainera, olagarroa elikatzeko arrantzak kutsadura handiagoa eragin dezake. Itsas hondoko sedimentuak karbono-hustubide itzelak dira, eta, beraz, elikagaiak arrantzatzeko erabiltzen diren sare astunak arrastatuz, CO2 askatu egiten da.