Klima-aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna
Gaur, Klima-aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna da, klima-aldaketak planetan dituen ondorio kaltegarrien berri herritarrei emateko helburu duena.
Klima-aldaketa planetako klimaren eta tenperaturaren aldaketa globala da, arrazoi naturalengatik epe luzera sortua. Hala ere, XIX. mendetik aurrera, gizakiaren jarduerak sortutako kutsadurak prozesu hori azkartu du. Erregai fosilak erretzea izan da arrazoi nagusia, berotegi efektuko gas kantitate handiak isurtzen direlako. Gas horiek tenperatura igotzea ekarri dute, eguzkiaren beroa atxikitzen baitute. Garraioaren, industriaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreek isurtzen dituzte gehien-gehien gas horiek.
Horren ondorioz, poloak urtzen hasten dira, itsas mailak gora egiten du eta muturreko klima-gertaerak ugaritzen dira (lehorteak, suteak, uholdeak).
Gaur egun, klima-larrialdi baten aurrean gaude, eta beharrezkoa da herritar guztien eta herrialde guztien ekarpena, klima-aldaketaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko eta hondamendi handiagoa saihesteko. Horretarako, tresna juridiko garrantzitsu batzuk idatzi ziren, hala nola Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (1992), Kyotoko Protokoloa (1995) eta Parisko Akordioa (2015). Aldi berean, 1988an, Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldea (IPCC) sortu zen. Erakunde horrek txostenak egiten ditu klima-aldaketaren ondorio potentzialei buruz, bai eta jarraitu beharreko jarraibideei buruz ere.
Guztien artean, klima-aldaketaren ondorioak murrizten lagun dezakegu, keinu txikiak eginez, adibidez, energia berriztagarria erabiliz, material birziklatua edo material biodegradagarriak erabiliz, edo plastikoaren erabilera murriztuz.