Ez bota sendagairik naturan
Hartzen ditugun sendagaien printzipio aktiboen zati handi bat komunetik behera doa. Substantzia horiek -erabilitako urak araztegietan tratatzeko erresistenteak dira- ibaietara eta itsasoetara isurtzen dira, eta hor uretako florari eta faunari eragiten diete. Bazenekien ibuprofenoa, parazetamola eta kafeina eta kokaina substantzien hondarrak Antartikan aurkitu direla?
Oraindik ez ditugu ondo ezagutzen horien ondorioak, baina badirudi, adibidez, pilula antisorgailuen estrogeno sintetikoen eraginpean dauden arrain batzuk hermafrodita bihurtzen direla.
Hori saihesteko, sendagaiak benetan beharrezkoa denean bakarrik hartu behar ditugu (adibidez, antibiotikoek ez dute ezertarako balio birus-infekzioen kasuan).
Gainera, iraungita dauden edo jada behar ez dituzun sendagaiak edo botika-ontzi hutsak berariaz kudeatu behar dira, eta, beraz, ez dira bota behar zakarrontzira edo komunera.
Espainian, botiken kudeaketa SIGREk (Ontziak edo potoak Kudeatzeko eta Biltzeko Sistema Integratua) egiten du, eta laborategi, farmazia eta farmazia-banatzaileen laguntza du. Beraz, iraungita dauden edo jada behar ez dituzun sendagaiak badituzu, sartu bere kaxan, prospektu eta guzti, eta eraman hurbilen duzun farmaziako SIGRE puntura.
Badaude sendagaiekin birziklatu behar ez diren beste material sanitario batzuk ere, hala nola termometroak, erradiografiak, orratzak, gazak edo objektu ebakitzaileak; horiek “Puntu Garbietan” utzi behar dira.
Sendagaiak behar bezala birziklatuta, ingurumena zaintzen dugu: batetik, saihestu egiten da botikak eta euren ontziak zakarrontzietara botatazea, eta horrela ez dira kutsatzen lorzorua eta urak. Eta, bestetik, ontziak beste erabilera baterako birziklatzean, energia aurrezten da.