ZORROTZAURREN EUROPAKO POSIDON PROIEKTUAREN PROBA PILOTUAK HASI DIRA, LURZORUAK DESKONTAMINATZEKO TEKNOLOGIA BERRITZAILE, ERAGINKOR ETA JASANGARRIAK PROBATZEKO

  • Bilboko Udala eta Triesteko (Italia) portu-agintaritza liderrak dira Europako Batzordearen Horizonte 2020 programaren barruan sartutako proiektu honetan.
  • POSIDON proiektuaren helburua da konponbide berritzaile eta jasangarriak bilatzea lur industrialetako lurpeko urak saneatzeko eta lurzoruak deskontaminatzeko.
  • Aukeratutako teknologia berritzaile horiek Zorrotzaurreko uharteko bi lekutan probatuko dira, 12 hilabetez, gutxi gorabehera.

Urtarrilaren 27an hasi zen POSIDON proiektuaren azken fasea. Proiektu hori Europako ekimena da, Bilboko Udala eta Triesteko portuko agintaritza buru dituen Horizonte 2020 programaren esparruan. Proiektuan Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA), Spakek (Belgika) eta Baja do Tejok (Portugal) ere parte hartzen dute, behatzaile gisa.

Zorrotzaurreko uharteko bi lur aukeratu dira, eta, azken fase horretan, HPC Italia S.R.L. eta TB Teseco Bonifiche S.R.L. enpresek diseinatutako bi soluzio teknologiko probatuko dira lekuan bertan.

POSIDON proiektuaren helburua da lurzoru kutsatuak modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz berreskuratzea. Horretarako, lurzoruak eta lurpeko urak berreskuratzeko teknologiak -berritzaileak, errentagarriak eta jasangarriak­- identifikatu nahi dira, hidrokarburoek (TPH eta PAH) eta metalek kutsatutako lurrak deskontaminatzeko gai direnak.

POSIDON proiektuaren faseak

Europako lurzoruen deskontaminazioaren sektorean berrikuntzarik ez dagoenez, ekimen hau erosketa publiko aurre-komertzial (PCP) baten bidez antolatu da, I+G jardueren bidez soluzio teknologikoen garapena errazteko. Prozedura hori beharrezkoa da merkatuan ad-hoc garapen teknologikorik ez dagoenean. Horrela, instalazio pilotuen bidezko hainbat kokalekutan egindako esperimentaziotik abiatuta, horietako bat Zorrotzaurren kokatua, irtenbide berritzaileen garapena bultzatu ahal izan da.

POSIDON garatu bitartean, hainbat hornitzaile aldi berean lehiatu dira fase desberdinetan:

  • 1. fasea – Irtenbidearen diseinua: Hamahiru enpresa aurkeztu ziren eta horietatik sei aukeratu ziren. Lau proposamen hurrengo faserako hautatu zituzten.
  • 2. faseaPrototipoa garatzea: Lau enpresetatik bi hautatu zituzten.
  • 3. fasea – Testeoa (proba pilotua): Fase horretan dago proiektua une honetan, eta gutxi gorabehera 2023aren hasiera arte iraungo du.

Proba pilotuak Zorrotzaurren

HPC Italia S.R.L. eta eta TB Teseco Bonifiche S.R.L. enpresek diseinatu dituzte Zorrotzaurren testatzeko irtenbide teknologikoak.  Luzoru horiek kutsatuta daude ezpacio berean hainbat gai pilatu izan direlako: industria-hondakinak (labe garaietako zepak, eraikuntzako eta eraispenetako obra-hondakinak eta hidrokarburoekin kutsatutako lurrak), eta itsas jatorriko buztinak eta hareak, hidrokarburoekin eta metal astunekin (artsenikoa eta beruna) oso kutsatuta.

HPC Italia enpresak, bere soluzio teknologikorako, elektrodoetan oinarritutako in situ erremediatzea erabili du, kutsatutako lekuak garbitzeko mekanismo fisiko, kimiko eta biologikoak integratuz. Elektrodoez lagundutako 3Dko teknologia garatu dute, lurrean eremu elektriko leunek eragindako indar eragileetan oinarritutako erremediatze-ikuspegi berritzailea ikertzearren, horrela erreaktiboen eta kutsatzaileen migrazioaren alde egin eta beste erremediatze-mekanismo batzuk sustatzeko, hala nola degradazio kimikoa eta/edo biologikoa.

TB Teseco Bonifiche “BIO-Flushing” teknologia aplikatzean eta in situ egiten diren tratamenduetan biologia molekularra eta metagenomikoa aplikatzearen eraginkortasuna frogatzean oinarritzen da. Hala, teknologia horrek eraginkortasun handiko biorremediazioa egiten du, lurzoru aseetan eta asegabeetan metagenomika bidez hautatutako biomasa inokulatzean oinarritua. Bioestimulazio jarraituak laguntzen du, eta matrizearen egokitzapen kimikoak babesten du, kutsatzaile organikoak kentzeko.

Proiektua abian jartzeko, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeen akreditazioa eskatu da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasunerako Sailburuordetzak emana. Zorrotzaurreko lurrak itsasadarretik hurbil daudenez eta drainatze-sistemarik ez dagoenez, proiektu pilotuetako baterako isurketak egiteko baimena ere lortu behar izan du URA Uraren Euskal Agentziatik.

Orain dela gutxi, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak industria-lurzoruaren estrategiaren aurrerapena aurkeztu du. Estrategia horren oinarria da erabiltzen ez den lurzorua leheneratzea eta deskontaminatzea, Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030 Estrategiaren esparruan (tramitatzen ari dira). Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren 2020-2024 Programak lurzoru kutsatuen arloan 400 Ha lurzoru kutsatu berreskuratzea proposatzen du, eskumena duten sail eta erakundeekin elkarlanean.