UDALAK INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA OSPATZEN DU GAUR, AIREAREN KUTSADURA ERAGOZTEKO AHOLKU BATZUK EMANEZ

  • Aholkuen zerrenda bat da, ekintza batzuk jasotzen dituena, herritarrek, keinu errazekin eta eguneroko jokabideekin, airearen kutsadura gutxitzen laguntzeko.

 

Bilboko Udalak bat egin du Ingurumenaren Munduko Egunaren ospakizunekin; aurten, “Bat eginik airearen kutsadurarik gabeko planeta baten alde” du goiburua. 2019rako hautatutako gaiak dei bat dakar, ekiteko eta arazo larri baten kontra borroka egiteko, mundu osoan milioika pertsonari eragiten dielako, eta, orobat, arazo hori konpontzeko neurriak hartzeko behar larriari erantzuteko.

Alde horretatik, Nazio Batuen Erakundeak zenbait ideia proposatzen ditu airearen kutsaduraren arazoari ekiteko eta airearen kutsadurarik gabeko mundu bat sortzeko, gure eguneroko jokaeren bitartez:

  • Erabili garraio publikoa edo partekatu autoa, ibili bizikletan edo, besterik gabe, ibili oinez.
  • Amatatu autoaren motorra geldirik dagoenean.
  • Elikagai organikoekin konposta egin, eta birziklatu zabor ez-organikoa.
  • Aldatu berokuntza-sistema eta -ekipoak eta ipini eraginkortasun handiko ekipoak etxean.
  • Aurreztu energia: itzali argiak eta tresna elektrikoak, erabiltzen ez dituzunean.
  • Ez erre zaborrik; osterantzean, airea gehiago kutsatuko duzu.

Jokaera errazak dira, baina ingurumenaren osasun onari biziki laguntzen diote”, halaxe adierazi du Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak.

Airearen kalitate txarra da EBn herritarrak lehenago hiltzea eragiten duen ingurumen-kausa nagusia, Europako Kontuen Auzitegiaren azken txostenaren arabera. EB osoan bezalaxe, Espainiako herritarren artean ere 10etik 9 hirietan edo hiri-inguruneetan bizi da, eta arnasten duen aireak gainditu egiten ditu Munduko Osasun Erakundeak ezarritako kutsadura-mugak.

Bilbori joan den apirilean “Aire Garbiaren X. Saria” emanik, urrats handia egin zuen uriak, agerian jarriz egoera horri atzera eragin eta herritarrentzat osasunerako onura dakarten politika publikoak. Alfonso Gilek gaineratu du saria jaso izanak ez duela esan nahi orain lasaitu egin behar dugunik, “aitzitik, egunero horrelako jokabideak izanik, guztion artean, gure airearen kalitatea hobetu dezakegu.”

Plataforma X Aire delakoak antolatzen du sariketa hori (Bilbo ere kide da plataforma horretan), zeinak ezagutza agertzen baitie zenbait ekintza abiarazten aitzindari izan diren udalei, hala nola airearen kalitatea hobetzeko planak, hiri-mugikortasun jasangarriko planak, udal-ordenantzak, zabalkunde-kanpainak edo atmosferako kutsadura gutxitzeko beste edozein ekimen.