BILBOKO UDALAK BAT EGIN DU “PLANETAREN ORDUA” EKIMENAREKIN

  • Mundu osoan egiten den ingurumenaren aldeko ekimena da.
  • Ekintza sinboliko honetan argiak ordubetez amatatzen dira klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat etorriz.
  • Uriko eraikin garrantzitsuenetako batzuetan argi apaingarriak amatatuko dira, zapatuan, martxoak 30, 20:30etik 21:30era.
  • Mundu zabalean ehunka milioi pertsona, enpresak, udalak eta erakundeak eskutik lotuta denon artean “klima aldaketari aurre egiteko”.

 

Bilboko Udalak bat egin du mundu osoan egingo den “Planetaren Orduarekin”, hau da, klima-aldaketaren aurkako ekintza sinboliko batekin. Zapatuan, martxoak 30, 20:30etatik 21:30era izango da. Era berean, Bilboko Udalak dei egiten die herritar guztiei, herri-erakundeei, organismo eta entitate pribatuekin ekimenarekin bat egin dezaten.

Ordubetez amatatuta egongo dira argi apaingarriak uriko eraikin eta monumentu berezi batzuetan; hala nola, udaletxean, Aznar eraikinean, Arriaga antzokian, udaltegietan, Iberdrola dorrean, Guggenheim museoan eta Salbeko zubian.

2019an, argiak amatatu eta naturaren alde ekiteko milioika pertsonen batasuna eskatzeaz gain, Planetaren Ordua sustatzen dutenek mundu guztia animatu nahi dute martxoaren 30ean beren web orrialdean azaltzen dituzten naturaren aldeko erronken batean parte hartzera.

Naturaren Defentsarako Elkarteak WWF (World Wide Fund for Nature) sustatzen du ekimena. Aurrenekoz 2007an egin zen ekimena eta mundu osora zabaldu da eta mundu mailako mugimendurik handienetakoa bihurtu da. Urtero-urtero egiten da martxoko azken zapatuan, argiak norbere borondatez amatatuz; hortaz, etxeetan eta enpresetan behar-beharrezkoak ez diren argiak eta tresna elektrikoak ordubetez itzaliko dira.

Iazko edizioan 188 herrialdetako milaka hirik parte hartu zuten. Argiak amatatutako monumentu eta eraikin bereziak 17.000tik gora izan ziren; eta ekintza hark hala ehunka milioi herritar, enpresak, udalak eta erakundeak batu zituen denon artean klima-aldaketari aurre egiteko.

Planetaren Ordua, ekintza sinbolikoa da eta, sustatzaileek gogorarazi duten bezala, planeta defendatzeko aukera aparta bihurtu da. Bizimodu jasangarriak; garapen berriztatzailea; basoak, itsasoak eta baliabide naturalak iraunaraztea edo biodibertsitatearen galeraren aurkako borroka sustatzen ditu.