BILBOKO EUROPA PARKEKO URMAELA, HIRI-INGURUNEA NATURALIZATZEAREN EREDU, UNESCOREN HITZETAN
- Martxoaren 3an, domeka, Basabizitzaren Munduko Eguna ospatuko da, besteak beste, biodibertsitatearen galerari etena jarri beharraz kontzientzia sortzeko helburuarekin.
- Bilbon, Europa parkearen naturalizazioa helburu hori lortzeko aukera izan da.
- UPV/EHUko Garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak eta Bilboko Udalak ahaleginak bateratu dituzte parkean, Txurdinaga, Santutxu eta Otxarkoaga auzoen berdegunean alegia, urmaela naturalizatzeko.
Martxoaren 3an, domeka, Basabizitzaren Munduko Eguna ospatuko da, besteak beste biodibertsitatearen galerari etena jarri beharraz kontzientzia sortu nahi duena.
Bilbon, Europa parkearen naturalizazioa helburu horiek lortzeko aukera izan da. UPV/EHUko Garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak eta Bilboko Udalak ahaleginak bateratu dituzte parkean, Txurdinaga, Santutxu eta Otxarkoaga auzoen berdegunean alegia, urmaela naturalizatzeko.
“Sail honetan, hiri-parkeak funtsezko tresna dira ingurumen-heziketa sustatzeko eta hiri-ingurunean naturaren presentzia sendotzeko”, esan du Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi eskuordeak.
Hiria naturalizatzeak abantaila asko dauzka: bizi-kalitatea hobetzen du, aisiaz gozatzen laguntzen du, kultur zerbitzuak eskaintzea errazten du, osasun mentala hobetzen laguntzen du, eta kostu ekonomikoak murrizten ditu. Horra hor Leire Méndez UPV/EHUko Garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako ikertzaileak aipatu dituen onuretako batzuk, hiri-ingurunean basa-bizia leheneratzearen alde aritzean.
Méndez ikertzaileak azaldu duenez, “hiri baten azpiegitura grisa naturarekin uztartzen denean, ingurumenaren kalitatea hobetu ahal da, biodibertsitatea erakarri, eta pertsonek ingurune naturalarekin duten harremana sustatu”.
Txurdinagako Europa parkea 1988an inauguratu zen. Astialdirako gunea da, 107.000 m2koa. Urmael bat dauka berdegunearen erdian, ia 700 m2koa. “Espazio honek potentzial handia eskaintzen du hezeguneak sortzeko, hegaztiak ikusteko, intsektuak behatzeko eta hiriko ingurumena hobetzeko”, azaldu du Leire Méndezek.
Unibertsitateak eta Udalak duela bi urte onartu zuten Bilboko 53 ikastetxetako ikasleek proposatutako erronka, 21 toki eta eskola agenden ingurumen-heziketako programaren testuinguruan. Uriko ikasleek eskatu zuten parkeko urmaelean igelak eta apoak sartzeko, desagertzeko arriskuan dauden anfibioak baitira. “Helburua, hortaz, putzu bat sortzea zen, hegazti eta anfibioentzat habitat egokia eskaintzen zuena eta, aldi berean, naturan laborategi bat sortzen zuena, hezkuntzarako”, zehaztu du Leire Méndezek. Horrela, urian biodibertistatea areagotzen laguntzen duen eredu batera hurbiltzen da parkea.
Azaroan, otsailean eta apirilean 21 eskolako agenda programako ikasleei zuzendutako tailerrak antolatzen dira, urmaela hobeto ezagutzeko, biodibertsitatearentzako zonak sortzearen garrantzia baloratzeko (gainera, CO2 emisioak atzemango dituzte zona horiek), eta ulertarazteko, errespetatzen baldin badugu, udalerriak estali gabeko ikasgela ekologiko bat edukiko duela. Aurten, gainera, interesa izan duten familia eta pertsonek parte hartu ahal izan dute hezeguneen munduko eguna dela-eta otsailaren 2an antolatu den jardunaldian. Tailer horietan eztabaida antolatzen da ikasleekin, eta proiektuaren nondik norakoak azaltzen zaizkie, birlandaketarako erabili diren landare-espezieen berri ematen zaie (denak ere autoktonoak), eta adierazten zaie zer gertatuko den baldin eta naturari hezegunean eta inguruetan bere lana egiteko denbora ematen badiogu.
Tailerretan ikusi dugu biodibertsitatea apurka-apurka areagotu egin dela hezegunean. Hainbat hegazti behatu ditugu bertan: zozoa, kurloia, txantxangorria, txinbo kaskabeltza, birigarro arrunta, buztanluzea, benarriz arrunta, txonta arrunta eta karnaba. Anfibioak ere etorri dira hona bizitzera, adibidez txantxiku arrunta, eta narrastiak (horma-sugandila). Burruntziak ere hemen dira.