BILBOKO UDALAK INGURUMEN IRAUNKORTASUNEZKO TURISMO-ENPRESAK SORTZEKO IDEIEN LEHIAKETA ANTOLATU DU ZAZPI KALEETARAKO
- Asmoa da Bilboko Zazpi Kaleen auzoan turismoaren eta kulturaren arloetako enpresak eta jarduerak sustatzea, laguntzak emanez lehendik dauden baliabideak sustatzeko tresnak hobetzeko, edo produktu berri eta berritzaile bat sortuz edo finkatuz, betiere ingurumen-jasangarritasunezko turismoaren arauak eta oinarriak begiratuz.
- Lehiaketan finalista gertatzen diren proiektuek, formazio eta aholkularitza berezituko zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte, eta, hala, irabazle ateratzen den proposamenak 6.000 euroko diru-laguntza bat eskuratuko du, eta saritutako produktuak ere Udalaren sustapena izango du, Bilbao Turismoren bidez.
- Eskabideak eta kontsultak formatu digitalean egingo dira, helbide honetan: proyectocascoviejo@bilbaoekintza.bilbao.eus. Proposamenak egiteko epea 2019ko otsailaren 7an amaituko da.
Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, Uriko Zazpi Kaleetarako Ingurumen-jasangarritasunezko enpresetarako ideien lehiaketa bat antolatu du, Zazpi Kaleak proiektu estrategikoaren barruan. Ekimen horren bidez, turismoaren eta kulturaren arloetako enpresak eta jarduerak sustatu nahi dira, laguntzak emanez turismoa sustatzeko tresnak hobetzeko, edo turismo-produktu berri eta berritzaile bat sortuz eta finkatuz, betiere ingurumen-jasangarritasunezko turismoaren oinarriak begiratzen badituzte; halakotzat jotzen dira, Munduko Turismo Antolakundearen arabera, “bisitarien, industriaren, ingurumenaren eta komunitate hartzailearen beharrizanak asetzeko orduan, egungo eta etorkizuneko eraginak ––ekonomikoak, sozialak edo ingurumenaren gainekoak–– erabat aintzat hartzen dituen turismoa”.
Printzipio horien pean, lehiaketa honen bidez, Zazpi Kaleetan eskaintzen diren jarduera eta baliabide guztien balioa jarri nahi da agerian, eta, halaber, sustatu nahi da turismo-produktu berriak gara daitezen, inguruarekin eta haren nortasun- eta kokamendu-faktoreekin lotura dutenak.
Dagoeneko eratuta dauden enpresak aurkez daitezke, edo enpresa berri bati ekingo dioten pertsonak ere bai, edozein jarduera-arlotako enpresa-proiektuekin, betiere turismoaren arlorako ekimen esanguratsu eta bakarra badakar (lehendik diren produktuak sustatzea, edo turismo aukerako gune edo produktu berri bat proposatzea, edo tresna berriak baliatzea…), eta betiere ingurumen-jasangarritasunaren baldintzak betetzen baditu, ikuspegi hirukoitz honekin: eragin sozialak, ekonomikoak eta ingurumenaren gainekoak. Baldintza horiez gain, orobat eskatuko da zerga-egoitza eta/edo sozietate-egoitza Bilbon edukitzea.
Eskabideak eta kontsultak formatu digitalean egin behar dira, helbide honetan: proyectocascoviejo@bilbaoekintza.bilbao.eus. Era berean, eskabideak aurkezteko epea 2019ko otsailaren 7an amaituko da, 13:00etan.
Lehiaketan finalista gertatzen diren proiektuek formazio eta aholkularitza berezituko zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte, eta, hala, irabazle ateratzen den proposamenak 6.000 euroko diru-laguntza bat eskuratuko du, eta saritutako produktuak ere Udalaren sustapena izango du, Bilbao Turismoren bidez.
Besteak beste, batzorde tekniko batek honako hauek baloratuko ditu: ideiaren bideragarritasuna, talde sustatzailea zenbateraino den gauza ideia hori gauzatzeko eta arrakasta erdiesteko, zer ahalmen duen jarduera ekonomikoa eta enplegua eragiteko, ea badakarren berrikuntzarik, zenbateraino ematen duen aukera proposamenak Bilboko beste gune edo auzo batzuetara eroateko…