BILBON EGINGO DA BIZIKLETA URBANOAREN I. TOPAKETA ETA BIKEFRIENDLY SARIEN BANAKETA

  • Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak sustatzen du topaketa eta Bilbon egingo da datorren urteko martxoaren 4an eta 5ean.
  • Bilboko Udalak bizikletaren erabileraren alde egin duen apustua baloratu dute antolatzaileek.
  • Bilbo Bizikletaren Aldeko Hirien Sareko kidea da eta Bikefriendly sarietako hautagaia da. Erakunde publikoek bizikleta urbanoaren erabileraren alde egindako ahalegina onartzen dute sari horiek eta topaketa horretan banatuko dira.

 

2019ko martxoaren 4a eta 5a bizikleta urietan sustatzeko ekimenaren erdigunea bihurtuko da Bilbo, Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak antolatzen duen Bizikleta Urbanoaren Topaketaren lehen edizioari esker. Hain zuzen ere, Bilbo sare horretan dago.

Bizikleta Urbanoaren I. Topaketaren helburu nagusia administrazio publikoen, gorantz doazen enpresen eta ziklomugikortasunarekin lotutako tokiko ekimen eta enpresen arteko sinergiak eragiteko eta sustatzeko, bizikleta urietan erabiltzeari behin betiko bultzada emateko.

Bilbo topaketaren egoitza izateko, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak bizikletaren erabileraren alde egin duen apustua baloratu dute antolatzaileek. Batez ere nabarmendu dira Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana, “Bilbao 30” ekimenaren bidez zirkulazioa moteltzea, Bizikleta Plan Nagusia eta bizikleta elektrikoak jartzea udal mailegu-zerbitzuan (Bilbaobizi).

Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak gogoratu du udal politika horiek “batez ere pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko dira”.

Topaketan zenbait jarduera paralelo egingo dira bizikletaren arloa ikusarazteko:

  • Ziklomugikortasunaren arloko estatuko eta atzerriko adituen hitzaldiak.
  • Eztabaidarako mahaiak, atzerriko partaideekin.
  • Gorantz doazen enpresen eta sektoreko enpresa espezializatuen erakusketa.
  • Bilera azkarren dinamikak (sektore publikoa eta pribatua).
  • Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak sustatzen dituen Bikefriendly sarien banaketa.
  • Ibilbideak urian, bizikletan egitekoak.

Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak sustatzen dituen Bikefriendly sarien banaketak azpimarratu behar dira, Bilbo hautagaia baita. Sari horien bidez Bizikletaren Aldeko Hirien Sarean dauden erakunde publikoek bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko eta errazteko egiten dituzten proiektuak, ekimenak eta jarduerak bultzatzeko, ziklomugikortasunaren arloko jardunbide egokiak eta esperientziak partekatzeko ahalegina aintzatetsi nahi da erreferentziako plataforma edo espazio baten bitartez, estatuan eta atzerrian.

Bikefriendly sarien lehen deialdian sari bana emango da lau kategoria hauetan:

  1. ERAKUNDEEN LIDERGOA ETA KONPROMISOA. Administrazio publikoek urietan eta lurraldeetan bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko behar diren ekintzak sustatzeko, koordinatzeko edo/eta ebaluatzeko tresnak edo/eta baliabideak diseinatzeko eta garatzeko egiten duten ahalegina.
  2. BIZIKLETENTZAKO AZPIEGITURA. Urian bizikletan ibili ahal izateko behar diren azpiegiturak edo/eta zerbitzuak diseinatzea eta betearaztea, modu azkarrean, erosoan, koherentean eta intuitiboan joan ahal izateko (ziklobideak, aparkalekuak, eraikinetara sartzeko bideak, mantentze-lanetako puntuak…).
  3. HEZIKETA ETA SUSTAPENA. Jarduerak egitea hezkuntzan, sustapenean, komunikazioan edo/eta informazioan, herritar guztientzat eta bizikleta egunero erabiltzea zailtzen duten oztopo eta aurreiritzi guztiak kentzeko direnak.
  4. BIZIEKONOMIA. Bizikletaren arloarekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden jarduera ekonomiko guztiak sustatzea eta bultzatzea, tokiko ekonomiaren garapenean eragin handikoak direnak.

Gainera, 2019ko Bikefriendly Sarietara aurkezten diren hautagai guztiek accesit bi lortu ditzakete:

  • Bizikleta inguru urbanoetan erabiltzearekin lotutako ekimenak, berritzaileak direnean.
  • Bizikleta beren eremuetan erabiltzea sustatzeko neurriak garatzeko eta betearazteko egindako ahalegina azken urte bietan.

Bizikletaren Aldeko Hirien Sarea 2009an sortu zen eta oraintxe 116 administrazio eta enpresa publika daude, guztira Estatuko 550 hiri ordezkatuz.

Bizikleta Urbanoaren lehen Topaketa honen helburua da bizikleta eguneroko ibilgailu bihurtzea, gure urietako garapen jasangarrian laguntza argia eta eraginkorra emanez, eta herritarren osasunean eta bizi-kalitatean eragin positiboa sortuz.

Administrazio eta enpresa publikoen, sektore pribatuaren eta herritarren arteko topaketa honek mugarri izan nahi du denon lankidetzan eta esfortzuan, etorkizun jasangarriago baterantz joan gaitezen.