Bilboko eskola agenda 21en parte hartu duten ikastetxeek euren proposamenak aurkeztu dizkiote Udalari, zarataren kontrolean oinarritutakoak
Ingurumenaren Mundu Eguna ekainaren 5ean da. Hori dela-eta Bilboko Udalak aurten ere Eskola Agenda 21en osoko bilkura egin du. Bertan Bilbon garraio elektrikoa eta hibridoa bultzatzeari eta zaratari eta beronen ondorioei buruz proposamenak aurkeztu dituzte.
Udaletxean 54 ikastetxeko ikasleak bildu dira, Eskola Agenda 21 izeneko jasangarritasunerako hezkuntzako programan parte hartzen ari diren ikasle guztien ordezkari, 2017-2018 ikasturtean egindako lana udal ordezkariei aurkezteko.
Hilabete hauetan, parte-hartzaileek aldaketa klimatikoa, zarata eta beronek osasunean duen eragina jorratu dituzte, arazo honetaz jabetuta eta gogoeta eginda.
Irakasleak lagun zituztela, ikasleek ikasturtean egindako lanik garrantzitsuenak eta Otxarkoagako udaltegian maiatzaren 3an egin zen eskolarteko foroaren laburpena azaldu dituzte. Foro horretan lehentasuna eman zitzaien uriko zarata kontrolatzeko eta mugikortasun elektrikoa bultzatzeko proposamenei eta konpromisoei.
Zaratari buruz Udalari aurkeztutako proposamen batzuk hauek dira:
- Edukiontziak lurpean jartzea, uriko zarata gutxitzen laguntzeko.
- Lehentasuna ematea argi gehiago eta zarata gutxiago egiten duten sirenei eta alarmei.
- Arau zorrotzagoak ezartzea taberna eta lokal publikoak intsonorizatzeko.
- Obra publikoak egiteko epeak arintzea.
Bilbon mugikortasun elektrikoa bultzatzen jarraitzeko ere eskatu diote Udalari, ekintza hauekin: Jarraitzea autobus elektrikoen aldeko apustuarekin.Ibilgailu elektrikoak erostea kaleak garbitzeko eta hondakinak batzeko. Eta herritarren artean bultzatzea ibilgailu elektrikoak eros ditzaten, zenbait neurri sustatuta, hala nola, doako aparkalekuaren aukera, laguntzak eskaintzea horrelako ibilgailuak erosteko, leku gehiago autoak kargatzeko edo TAO kentzea horrelako ibilgailuei.
Horrez gain, ikasturtean zehar izandako bestelako esperientziak azaldu dira; esaterako, zaratari lotutako Mannequin Challengea eta Bilbon biodibertsitatea bultzatzeko jarduerak: adibidez, bisita Europa parke naturalizatuan dauden hegaztiak ezagutzeko eta zuhaitz autoktonoak landatzea Bilboko parkeetan.
Juan Maria Aburto Bilboko Alkatea eta Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia buru izan diren Osoko Bilkurak garraio elektrikoa bultzatzeari, Bilbon zarata neurtzen duten semaforoak jartzeari eta Bilbon irla isilak eratzeko espazioak sortzeari buruzko galderak erantzun ditu.
BILBOKO UDALA ETA ESKOLA AGENDA 21
Bilboko Udala elkarlanean ari da Hezkuntza Sailarekin eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Ingurugela-Bilbaoren bidez, helburu hauek dituen Eskola Agenda 21 dinamizatzeko: XXI. mendeko pertsona arduratsu eta konprometituak prestatzea. Ikastetxearen eta eskolaren inguruko ingurumena hobetzen laguntzea. Hezkuntzaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea. Hezkuntza-komunitatearen (ikastetxeetako ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasle ez diren langileak) partaidetza sustatzea Udalaren kudeaketan.
Eskola Agenda 21en Osoko Bilkura 2004-2005 ikasturtean egin zen aurrenekoz Bilboko Udaletxean eta, harrezkero, urteko hitzordu finko bilakatu da.