Bilboko Udalak Bilboko hiri mugikortasun jasangarriaren planaren (HMJP) behin betiko neurriak aurkeztu ditu

Bilboko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana 2015-2030egitasmoan diseinatutako behin betiko neurriak aurkeztu ditu Bilboko Udalak gaur goizean. Dokumentu estrategiko bat da Bilborako Mugikortasun Jasangarriaren eredua zein den zehazten duena eta hiriko bizi-kalitatea -osasun eta genero berdintasunari dagokionez- hobetzeko, garapenerako eta modernizaziorako irizpideekin bat egiten duten jarduketa lerroak planteatzen dituena.

Lehenengoz, mugikortasun plan batek helburu nagusitzat du pertsonen osasunean eta genero berdintasunean eragin positiboa izatea” adierazi du Alfonso Gilek, Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak, gaur goizean egin den Bilboko HMJPren aurkezpenean.

“Orain arte, mugikortasun planak ibilgailuen zirkulazioa hobetzean jartzen zuten indarra, garraio publikoaren eragingarritasuna handitzean, istripu kopurua murriztean edo oinezkoen guneak ugaritzean; oraingo HMJP honekin, ordea, gure hirian bizi-kalitatea eta bizilagunen ongizatea hobetu nahi dugu, eta zuzenean eragin nahi dugu mugikortasunak sorrarazten dituen genero desberdintasunak desagerraraztean”.

Bilboko HMJP hau bi urte inguru iraun duen prozesu parte-hartzaile zabal baten ostean eratu da. Izan ere, Udalak mugikortasun politiketan inplikatutako hainbat eragileren iritzia jaso du (Saileko eta Udaleko teknikariak, udal taldeak, hiritarrak, interes taldeak, gazteak, adinekoak, barrutiak…) amaierako dokumentua sortzeko eta ezartzeko etapa guztietan. .

Plan honen xedea da Europa mailan ezarritako helburu klimatiko eta energetikoak lortzea, herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan eragina duten aldetik. Hori dela eta, jarduketa guztien helburua da Bilbok herritarrei eta inguruneari iriste-erraztasuna bermatzea, Iriste-erraztasun hori segurtasun handiagoaz lortzea, ingurumenari (bai hiri mailan bat maila globalagoan) kalte txikiagoa egitea, osasunari kalte txikiagoa egitea, baliabideen kontsumoa murriztea eta herritarren gizarte-kohesioa handitzea. Eta hori guztia genero ikuspegia kontuan hartuta, hiri mugikortasuna arlo konplexua den aldetik gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiten lagunduko duen ikuspegia kontuan hartuta, alegia.

NEURRIAK

Helburu horiek guztiak lortzeko, HMJPk 8 arlo estrategiko ezartzen ditu, diseinatutako neurri jakin batzuk beroietan aplikatzeko: Hirigintza eta Lurralde Antolamendua, Oinezkoen mugikortasuna, Garraio publikoa, Txirrindularien mugikortasuna, Ibilgailu pribatua eta Aparkalekua, Zama lanak, Bide segurtasuna eta Ingurumena.

Horien aurretik, zeharkako bi ekintza nabarmentzen dira, osasun eta genero berdintasun helburuei erantzuten dietenak: Generoaren arloko Ekintza Plana, genero berdintasuneko helburuetan aurrera egitea helburu duena, eta Bilbao 30, hiriko bideak hierarkizatu eta abiadura murritzarazi asmo duena, eta laster abian jarriko dena.

1.Hirigintza:

Jarduera guneen eta egoitza guneen kokapenak zehazten du lekualdatze beharra, bidaien luzera eta, ondorioz, bidaia horiek nola egiten diren eta bidaiak egiteko zein baliabide kontsumitzen diren.

Hori dela eta, hirigintzari lotutako estrategia barruan egongo diren proposamenak honako hauek dira: jarduera eta egoiliar guneak garraio publikoak estaldura dueneko lekuetan kontzentratzea, HAPOn mugikortasun ebaluazioak sartzea, eta metropolitar geografia barruko enplegu garapeneko guneak garraio publikoko estaldura handienetan sustatzea.

2.Oinezkoen mugikortasuna:

Oinezkoen lekualdatzeak ez duenez apenas baliabiderik kontsumitzen eta irismen unibertsalekoa denez, ingurunean inpaktu txikiena eragiten duen lekualdaketa modua da, eta HMJPn lehentasuneko ardatz gisa eratzen da.

Bertan zehaztutako ekintzen artean daude, beste batzuen artean, ardatz jarraituak eta seguruak, Mugikortasuna Murriztua duten Pertsonentzat (MMP) iriste-erraztasuna, eta espaloien behar besteko zabalera; Eskola bideak zehaztea, ikasleek euren oinezko edo bizikletazko lekualdaketetan segurtasuna izan dezaten; Auzoen bihotzen inguruan gune baketuak sortzea; mugikortasun bertikalaren hobekuntzarekin jarraitzea (igogailuak eta arrapalak); eta semaforo sistema murriztu eta optimizatzea.

3.Garraio Publikoa:

Garraio moduen jasangarritasunaren hierarkian, jasangarrienetik hasi eta beherantz joanda, garraio publikoa bigarren lekuan dago, motorizatu gabeko moduen atzetik. Praktikan, motorizatu gabeko moduen mugak gainditzen dituzten distantzietarako, ibilgailu pribatuarekin lehiatu ahal den eta erasokortasun maila txikiena duen modua da lekualdaketarako.

Hori sustatzeko, HMJPk hainbat ekintza jasotzen ditu: Bizkaiko eragile guztietarako tarifa bakarra ezartzen laguntzea eta horretara bultzatzea; garraio-aldaketa puntuak ezartzea, bereziki erosotasuna, arintasuna eta koordinazioa zaintzeko; atzerapenak murrizteko, zerbitzuen maiztasuna handituz geralekuen luzera berrikusi eta luzatzea; Bizkaibus zerbitzurako Bilbon bi polori eustea: Termibus eta Abando; eta taxien iriste-erraztasuna hobetzea.

4.Txirrindularien mugikortasuna:

Erabilerari dagokionez, bizikleta da hazkuntza handiena izaten ari den garraiobidea. Ibilbidean duen malgutasunak eta oinezkoen aldean urrunago heldu ahal izateak distantzia ertainetarako oso egokia egiten du bizikleta. Ingurumenerako, berriz, oinezkoen antzeko eragina du.

Hirian bizikletaren erabilera sustatzeko xedez, HMJPak txirrindularien konektibitatea hobetzea jasotzen du; horretarako, bidegorriak ugarituko ditu, bai hiri barnean, bai inguruko herrietarakoak, eta aparkalekuak ere ugaritu eta hobetuko ditu, bai bizikleta pribaturako bai publikorako.

5.Ibilgailu pribatua eta aparkalekua:

Ibilgailu pribatua, askorekin, erasokorrena da HMJPk dituen jasangarritasun helburuekiko. Beraz, beharrezkoa da automobilez burututako lekualdaketen kudeaketa egoki bat ezartzea, honen berezko eragin kaltegarriak arintze aldera.

Horrela, planak hainbat neurri ditu jasota: garraio publikoa babestu eta indartu behar da, ibilgailu pribatua ahalik eta gutxien erabil dadin; metropolian garraio publikoa erabiltzeko, konexio aparkaleku gehiago sortzea; Ingurumenari begiratuta trafikoa murriztu beharra dagoenean, hiriaren erdigunera iristeko kontrol sistema bat aztertzea; Moyua Plaza eta Kale Nagusia, Plaza Biribilaren eta Mazarredo Zumarkalearen artean, eraldatzea, garraio publikoak, oinezkoek eta txirrindulariek soilik erabili ahal izateko.

6.Zamalanak :

Merkantzia banaketa egokia bermatua izan behar du hiriak, baita saltokietarako banaketa ibilgailu automobilen bitartez egiten denean ere. Hala ere, jarduera hau ez da trafiko jariakortasunaren kalterako izango; beraz, bide erabiltzaileek zamalanetarako guneak errespeta ditzaten zaindu beharko da. HMJPk zamalanetarako gune hauen erabileraz informatu, hauek zaindu eta kontrolatzeko beharrarekin lotutako neurrien alde egiten du apustu, eta, zehazki esanda, Zazpikaleetarako “karga haustura” guneak bilatzea proposatzen da, ibilgailu garbien erabilera lehenestea, eta ibilgailuen sarrera kamara bidez kontrolatzea.

7. Bide Segurtasuna:

Arlo honetako estrategiek istripuen kausa nahiz efektuetan eragiten dute: bideetako ezbehar kopurua murriztu beharra dago, eta, ezbeharra gertatuz gero, sortutako kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen ahalegindu behar da, batez ere kalte pertsonalei dagokienez.

Oinezkoak, subjektu zaurgarria den aldetik, arreta handiagoa merezi du, eta HMJPk istripuak 0 ikuspegia erabiliz lan egitea du helburu bere neurriak planteatzean. Txostenak eta sentsibilizazio kanpainak egitea proposatzen du, eta oinezkoekin batera ibiliko den bizikleta sartzea hartzen du erronka moduan.

8.Ingurumena:

Hau da HMJPk oinarritzat duen arloa. Poluzioa murriztea, airearen kalitatea hobetzea eta garraiotik eratorritako hiri-zaratak murriztea dira planteatutako jarduketen helburuak, osasunean duten eragin zuzena dela eta.

Hori lortzeko, planak zuzenean eragiten du erregaiez mugitzen diren ibilgailuen ordez elektrikoak erabiltzeko ideian, bai arlo publikoak bai pribatuan.

EMAITZAK

HMJPk, bestalde, aurreratu egin ditu negutegi efektuko gasen isurketen eta osasunerako kalteen murrizketaren emaitzak.

Kalkulatzen da % 14ko murrizketa egongo dela negutegi efektuko gasen isurketan. Gainera, ibilgailuen parkearen berriztatze naturalak % 27ko murrizketa ekarriko luke; beraz, guztira, 2030ean negutegi efektuko gasen % 41eko murrizketara iritsiko ginateke.

Bilbori lotutako mugikortasunaren hobekuntzari dagokionez, HMJPk aurreikusten du garraio publikoan eginiko eguneroko bidaien guztizkoa 415.000 bidaiatik 498.000ra (joana eta etorria) igoko litzatekeela, hau da: egunero 83.000 bidaia gehiago.

Bilboko bidegorri sarearen luzera 39 km-koa da, eta beste 55 km jartzea aurreikusten da; hau da % 138ko hazkuntza. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak eginiko Mugikortasun Inkestaren arabera, bizikletak Bilbon egiten diren barne lekualdatzeen banaketa modalaren % 0,8 suposatzen du; eguneko 6.394 lekualdaketa dira horiek. Etorkizunean eguneko 25.000 bidaia inguru izango direla aurreikusten da.

Eginiko estimazioen arabera, emaitza horiek 2030ean, Bilbon, zuzenean kutsaduratik eratorritako 12 eta 40 arteko heriotza gutxiago egongo liratekeela esan nahi dute (gutxienez eta gehienezkoa esanda, hurrenez hurren) -gaur egunean Bilbon ia 100 lagun hiltzen omen dira urtean horregatik-.

Bestalde, kutsadurak eraginda urtean egiten diren 385 ospitaleratze kopurutik 335 eta 225 bitartean legokeen kopuru batera pasako litzateke.

Ildo berean, kausa honekin lotutako urteko haur-bronkitis kasuak ere murriztuko lirateke: gaur egun ia mila kasu dauden bitartean, txarrenean 860 kasutara eta onenean 580 kasutara aldatuko litzateke.

BILBOKO MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ALDEKO ITUN ETA FOROA

Bilboko Udalak HMJPan jasotako neurriekin lortu nahi den hiri ereduaren inguruan ahalik eta adostasun handiena bilatzeko lana zuzenduko du, eta Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Itun handi bat sustatuko du horretarako.

Itun honen asmoa da HMJParen helburuekiko konpromisoari dagokionez udal taldeen, erakundeen, interes taldeen eta herritarren borondate politikoa adieraztea. Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Ituna sinatzearekin batera, eztabaida eta hausnarketa foro edo espazio bat sortuko da gizarteratze eta pedagogia lan bat egiteko eta HMJParen jarraipena bat egiteko.