BILBOKO 50 IKASTETXEK 2030 ESKOLA AGENDAREN UDAL FOROAREN 18. EDIZIOA EGIN DUTE
Bilboko Udalak 2030 Eskola Agendaren Udal Foroaren 18. edizioa egin du gaur. Ekitaldi honetan, udal ordezkariak eta 2030 Eskola Agendan parte hartu duten hiriko 50 ikastetxe publiko eta pribatuetako 39tako irakasle eta ikasleak bildu dira udaletxean, Bilboren eta inguruaren jasangarritasuna hobetzeko helburuz.
Osoko bilkuran Juan María Aburto Bilboko alkatea izan da presidentea, eta San Pedro Apóstol, Zorroza BHI, Angeles Custodios, Artatse, Bertendona, Aldamiz, Kirikiño Ikastola, Escolapios, CPES Otxarkoaga eta Artxandape ikastetxeetako bozeramaileek Udalbatzari azaldu diote 2022-2023 ikasturtean aurtengo gaian egindako lana (11. GJHa, Hiri eta herri jasangarriak, Bilbori aplikatuta).
Proposamen eta konpromiso horiek Eskolarteko Foroak adostu zituen apirilaren 20ko bilkuran (Otxarkoagako udaltegian egina), gure uriko mugikortasun-ereduaz, Bilboko kultur eta natur ondarearen aberastasunaz, eta berdeguneak eta espazio publikoak seguruak, inklusiboak eta irisgarriak izateari buruz hausnartu ostean.
Ekitaldia amaituta, parte-hartzaileak Arabiar Aretoan bildu dira. Bertan, Kirikiño Ikastolako ikasle-taldeak prestatutako emanaldiaz gozatu dute, eta ikastetxeek 2030 Eskola Agendaren proiektuarekin lotutako hainbat gairi buruz egindako lanak ikusi dituzte. Lanak zenbait gairen ingurukoak izan dira, hala nola hondakinak birziklatzea, garraio publikoaren erabilera, uraren kontsumo arduratsua edo irisgarritasuna.
BILBOKO UDALA ETA 2030 ESKOLA AGENDA
Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiten du Ingurugela-Bilbao-ren bitartez, 2030 Eskola Agenda dinamizatzeko. Helburu hauek ditu:
- XXI. mendeko pertsona arduratsu eta konprometituak sortzea.
- Ikastetxearen eta eskola-ingurunearen ingurumen-hobekuntzan laguntzea.
- Hezkuntzaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea.
- Hezkuntza-komunitateak (ikastetxeetako ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasleak ez diren langileak) udal kudeaketan parte hartzea sustatzea.
Programa honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa dauka.
21 Eskola Agendako lehenbiziko osoko bilkura 2004-2005 ikasturtean egin zen Bilboko Udaletxean; orduz geroztik hitzordu finkoa da, Ingurumenaren Mundu Egunaren inguruan antolatzen dena (ekainaren 5ean, igandea, ospatuko da). Ingurumenaren Munduko Eguna 1973ko ekainaren 5ean ospatu zen lehen aldiz, duela 50 urte.